GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Nafar oro euskaldun izan dadin 834 urte beharko lirateke

834 urte. Hori da, Kontseiluak aztertutako IV. Inkesta Soziolinguistikoaren datuen arabera, euskarak Nafarroan unibertsala izateko beharko duen epea. Azken hamabost urteetako bilakaera aztertzen duten datuen irakurketa eman zuen ezagutzera atzo Kontseiluak, eta inkestak plazaratzen duen egoeragatik kezkatuta, hainbat neurri exijitu zituen Xabier Mendiguren idazkari nagusiak. Horiek ezarri ezean, «euskarak etorkizuna hipotekatuta» duela gaineratu zuen.

p019_f01.jpg

Ander PEREZ |

IV. Inkesta Soziolinguistikoaren Nafarroako datuen azterketaren berri emateko egindako agerraldian, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskararen ezagutzak eta erabilerak 15 urtetan herrialdean izandako hazkundea %1,6koa izan dela adierazi zuen, «asko poztekoa ez den hazkundea», idazkari nagusi Xabier Mendigurenen hitzetan. Erritmo horretan jarraituz gero «Nafarroan euskararen ezagutza unibertsala izateko» 834 urte beharko direla gaineratu zuen Mendigurenek.

Iruñean eskainitako prentsaurrekoan Nafarroako zonaldeen arteko desoreka eman zuen Kontseiluak inkestaren ondorio nagusi gisa, eta Vascuencearen legea delakoa jo zuen erantzuletzat. Horri aurre egiteko bidea «legea aldatzea» dela azaldu du Kontseiluak, izan ere, Mendigurenen hitzetan, «Vascuencearen legeak Nafarroa linguistikoki erabat zatitu du».

Bestalde, erabilerari buruz zabaltzen den mezua okerra dela adierazi du Kontseiluak. Xabier Mendigurenen hitzetan, «euskaldunak, oro har, leialak gara euskararekiko horretarako aukerak ditugunean». Erabileraren arazoa, beraz, aukera faltan oinarritzen dela azaldu eta hizkuntza politikaren gabeziatzat jotzen du Kontseiluak.

Azkenik, euskararen normalizazioa indartzeko eta azkartzeko hainbat neurri exijitu ditu Kontseiluak. Euskarak lurralde osoan gaztelaniaren estatus bera edukitzea izan da horietako bat. Horrez gain, Vascuencearen legea delakoa aldatzea eta hizkuntza politika eraginkor bat sortzea eskatu du erakundeak, belaunaldi berriak euskaldunduko dituena. Administrazioa, arlo sozioekonomikoa eta aisialdi, hedabide, kultura eta kirol eremuak ere euskalduntzea eskatu du Kontseiluak, horiei dagokien giza eta diru baliabideak handituz. Azkenik, helduen euskalduntzea oinarrizkoa dela eta hori bultzatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu zuen Mendigurenek agerraldian; izan ere, datuen arabera, bi gurasoak euskaldunak direnean hizkuntzaren transmisioa %82,6koa da.

Mezu itxaropentsua

Xabier Mendigurenek azaldutako «irudi beltz horri kolore pixka bat» emateko xedez, Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradun Iñaki Lasak mezu itxaropentsua helarazi zuen. Lehenik eta behin, Nafarroako eremu euskalduna Euskal Herri osoan euskararen ezagutza zein erabilpen tasa altuena duen zonaldea dela adierazi zuen.

Azkenik, egoera aldatzeko herritarren sostengua behar dela eta euskararen aldeko jarrera hazi dela adierazi zuen.

Desoreka

Nafarroako zonaldeen arteko desoreka agerian utzi du inkestak. Datuen arabera, eremu euskaldunean %60,1 da elebidun, mistoan %8,3 eta eremu ez euskaldunean %1,9k besterik ez daki euskaraz.

ITXAROPENA

Nafarroako eremu euskalduna Euskal Herri osoan ezagutza zein erabilera tasa altuena duen zonaldea da. Bestetik, euskara sustatzearen kontra dauden nafarrak gutxitu egin dira: duela 15 urte biztanleriaren %51,8 zen, orain, berriz, %34,2.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo