Santuari aurre hartu eta lesakarrak gaur hasiko dira sanferminak ospatzen
GARA |
Astelehenez egokitu da aurten San Fermin Eguna, baina lesakarrek santuari aurre hartu eta gaur bertan hasiko dituzte herri nafar honetako sanferminetako ospakizunak.
Urtero urtero jende andana batzen da asteburuan herri honetan, Euskal Herriko hainbat txokotako jendeak zehaztua baitu bertan urteroko zita. Topaleku hau topaleku izaten jarraitzeko helburuarekin aurreratu dituzte jaiak, bestela, astebururik ez bailukete izango jaiaz gozatzeko.
Egitarau alternatibo oparoa antolatu dute eta honen gaineko informazio guztia www.sanferminak.org orrian zintzilikatu dute. Gaur abiatuko dira jaiak, 20.00etan, euskal preso eta iheslarien aldeko manifestazioarekin. Bi ordu beranduago, 22.00etan, musika kontzertua izango da txosna gunean. Deskontrol, Naizroxa eta Governors taldeak arituko dira bertan.
Bihar, berriz, akanpalekuan izango da zita; bertan herri kirolak egingo dira arratsaldeko 16.00etatik aurrera. 17.30etan berriz, manifestazioa egingo da txosnetatik abiatuta «herri bat piztera goaz, etorkizuna independentzia» leloarekin.
Asteburuaz haratago doa, ordea, egitaraua. Datorren asteartean peñen jaitsiera egingo dute eta asteazkenerako, berriz, txosnen eremuan 3x3 futbito txapelketa antolatu dute baita peñen arteko poteoa ere. Amaitzeko, datorren ostegunean, 14.30tan herri bazkaria eta musika animazioa iragarri dituzte.
Horrez gain herriko jaien egitarauan agertzen diren ekimen eta ekitaldi guztiez gozatzeko aukera izango dute herritar nahiz bisitariek.