GARA > Idatzia > > Mundua

Duela 400 urte frantsesek Québec hiria sortu zutela ospatu dute

Samuel de Champlain esploratzaile frantsesak duela 400 urte Québec hiria sortu zuela-eta ospakizunak izan zituzten atzo. Bertan, Estatu frantsesetik etorritako agintariek Ozeano Atlantikoko bazter bien arteko loturak nabarmendu zituzten.

GARA |

Québec hiriak bere sorreraren 400. urteurrena ospatu zuen atzo, ekitaldiz beteriko egitarau batekin. Urtemuga honekin frantses hiztunek Ipar Amerikan izan duten presentzia ere ospatu dute.

Hitzaldiak eta kontzertuak izan ziren atzoko ekitaldi nagusiak. Québec-en hilabete ugari eman dituzte atzoko eguna antolatzen, baina ospakizunak uda osoan zehar luzatuko dira.

1608ko uztailaren 3an Québec hiria sortu zuen Samuel de Champlain esploratzaile frantsesaren estatuaren aurrean hasi ziren ekitaldiak. Orduan etxe batzuk baino ez zirenak, egun Québec probintziako hiriburu bilakatu dira.

Bertan, agintari ugari izan ziren hitz egiten, Kanadako lehen ministro Stephen Harper eta Estatu frantseseko François Fillon buru zirelarik.

Horiekin batera, frantsesen ordezkari gisa, Alain Juppé eta Jean-Pierre Raffarin lehen ministro ohiak eta Ségolène Royal zeuden. Azken hau Champlainen jaioterria den Poitou-Charente eskualdeko presidentea da.

«Lau menderen buruan oraindik ere Québecen kultura eta hizkuntza frantsesa bizirik dirautela ikusteak biziki pozten nau», adierazi zuen Royalek.

Bordeleko alkate Alain Juppék ere Québec-en eta frantsesen arteko lotura ekarri zuen gogora bertako portura Belém untzia, Estatu frantseseko belauntzirik handiena, iritsi zela ospatzeko egindako jaian.

Arratsaldeko lauretan, ustez Champlain Québec-era iritsi zen orduan, hasi ziren kanpandorre guztiak jotzen. Ondoren, kontzertu erraldoi bat hasi zen Robert Charlebois eta Diane Dufresne abeslariekin. Egunari amaiera biribila emateko, su ikuskizuna izan zen Saint-Laurent ibai inguruan.

Kritikak ere izan dira

Hala eta guztiz ere, dena ez zen jai giroa atzo Québecen. Lan hitzarmena berritzeko negoziaziotan diren Udaleko langileek euren aldarrikapenen berri emateko baliatu zuten ospakizuna. Talde antimilitaristek, berriz, gogor kritikatu zuten programan desfile militar bat sartu izana.

Horrez gain, Commémoration Québec 1608-2008 izeneko talde batek urteurrena dela-eta edukin historikorik gabeko festa soila prestatzea leporatu die agintariei.

Beste batzuek ere, Kanadako Gobernu federalaren kontra egin dute, Québecen sorreraren urteurrena Kanada osoarena dela adierazi baitu, horrela ospakizunotan parte hartuz. Ottawaren jarrera honek Québeceko independentistak sutu ditu .

independentzia

Frantses hiztunak dira Québecen nagusi, eta Kanadatik -ingeles hiztuna gehiengoa- banatzeko mugimendu indartsua dago bertan; 1980an eta 1995ean egindako erreferendumetan, ostera, galtzaile atera ziren, gutxigatik bada ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo