Trontza Euskal Herriko Txapelketa
Esnaola eta Barberena anaiak dira faborito Usurbilen
Etzi arratsaldean jokatuko da kanporaketa, eta bertan arituko diren guztietatik, estreinako seiak lortuko dute finala jokatzeko txartela. Beste guztiek Bigarren Mailako finala jokatuko dute.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Trontzalarien Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa jokatuko da etzi arratsaldean, 18.00etan hasita Usurbilen. Bertan bikote asko izango dira lehian, baina estreineko seiak bakarrik lortuko dute finalerako txartela. Gainontzekoek, Bigarren Mailako finala jokatu beharko dute.
Honako hauek hartuko dute parte: Perez de Heredia-Altzola, Zubiaga-Olabarria, Intxaurbe-Olibares, Pujana-Ardeo, Atxa-Charro, Etxeberria-Astondoa, Rezabal-Roteta, Larrañaga-Salegi, Garmendia-Iraola, Egaña-Idoeta, Esnaola anaiak, Barberena anaiak, Aizkorbe-Cano, Pikabea-Morrondo, Pello Kañamares-Julen Kañamares eta Txoperena-portu.
Bikote bakoitzak hamar epai eman beharko dizkio 45 ontzako enbor bati etzanda, eta bost, berriz, zutik jarritako beste 45 ontzako enbor bati.
Honelakoetan kirolarien helburu nagusia finalean sartzea izaten da. Berdin balio du lehenengo geratu edo seigarren, helburua hori baita, azkeneko ekinaldian izatea. Hala ere, irabaztea beti izaten da denen gustuko eta bertara doazen guztiak saiatuko dira horretan.
Hala ere lehen ekinaldi honetako faboritoak, Esnaola anaiak eta Barberena anaiak izango dira. Iazko kanporaketan gipuzkoarrak izan ziren garaile, baina finalean nafarrak lortu zuten txapela. Aurtengorako ere bi hauek dira faboritoak. Ez kanporaketa irabazteko bakarrik, baita txapela lortzeko ere.
Ekinaldia oso interesgarria iragartzen da, eta bertan maila ezberdinetako kirolariak izango badira ere, zaleek goi mailako trontzalaritza ikusteko aukera izango dute, beste kirol batzuekin alderatuta, txapelketaz gain, trontza ikusteko ez baita aukera handiegirik izaten.
Aizkora
Usurbilen bertan, baina goizez, 11.30ean hasita, jokatuko da Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkolarien kanporaketa. Hamazazpi kirolarik hartuko dute parte eta berri on asko ere badaude lehiaketa honetan, aizkolari berri ugari arituko baitira.
Bi multzotan banatu dituzte, eta lehenengoan honako hauek hartuko dute parte: Aierbe II.a, Alkizalete II.a, Matxiandiarena, Mugertza III.a, Oiarbide, Otaegi, Telletxea eta Ugarteburu.
Bigarren multzoan, berriz, hauek arituko dira: Agirre, Alkizalete II.a, Aranburu, Belauntzzaran, Esnaola, Mugertza II.a, Mujika eta Zubizarreta. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu, eta sei onenak finala jokatuko dute uztailaren 26an Mendaron.
Aurrez aipatu bezala, berri on asko daude lehiaketa honetan, aizkolari berri asko agertuko baita lehen aldiz lehiaketa batetara, eta horrek kirol hau aurrera doala erakusten du. Alde batetik, Alkizalete II.a lehen aldiz arituko da maila nagusian, gazte maila gainditu ostean. Bestetik, Agirre, Aranburu eta Oiarbide lehen aldiz aterako dira txapelketa ofizial batetan.
Azkenik, Matxiandiarenaren itzulera izango da. Orain dela urte asko Euskal Herriko Bigarren Mailan punta-puntan ibili zen, baina plazetatik aldenduta egon ondoren, berriro ere itzultzeko hautua egin du, eta Usurbilen izango da. Bada, beraz, zer ikusia.