Sokatira
Gaztedi Goiherri estutzen jarraitzeko prest dago 600 kiloko txapelketan
J.L. | DONOSTIA
Lur gaineko Txapelketan, 600 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko da, eta Gaztedi prest dago Goiherri estutu eta denboraldiko lehen txapela lortzeko.
Lehen jardunaldian berdinduta geratu ziren, eta bigarren jardunaldi honetan zerbait erabaki daiteke, nahiz eta hirugarren bat ere jokatuko den. Aipaturiko bi taldeez gain, Areso, Goiherri B eta Getxo ere neurtuko dira.
Orain arte, 680ko eta 640ko txapelak daude banatuta, eta bietan Goiherri izan da jaun eta jabe. Pisu handiko lehen jardunaldian Gaztedik aurre hartu zion, baina besteetan, berdeak nagusitu ziren. 640koan, berriz, Goiherrik erabateko nagusitasuna erakutsi du.
600ekoan, aldiz, Gaztedik ederki egin dio aurre lehen jardunaldian, baina ikusi beharko da hori jardunaldi bateko kontua izan den, edo ez.
Araba
Araban, herrialdeko lau txapelketa jokatuko dira etzi. Goizean, 12.30ean, Ribabellosan, mutillen lokotx-biltze Txapelketa jokatuko da. Arratsaldean, aldiz, Araian izango dira geratzen diren beste hiru finalak, 18.00etan. Mutilak arituko dira lastoa botatzen, eta ingudea altxatzen, eta emakumezkoak, berriz, txingekin.