GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

«Ergenekon», hots, estatuaren barrenaldeak

Robert O. Paxton, faxismoaren historialariarentzat aukerako lana litzateke Turkian hizpideratzen ari den «deep state» horren inguruko hausnarketa teorikoa. Paxtonena izan baitzen bere garaian «parallel state» kontzeptua, Europako faxismoak, eta bereziki Vichyko erregimena ulertzeko hain funtsezkoa, aspaldiagoko «state within a state» arrunta baino askoz zehatz/zorrotzagoa delako. Ez dirudi, hala ere, kezka teoriko-akademikoak direnik lehentasunezkoak Turkiak bizi duen kinka politiko latzean. Askoz aurreragokoa da, agian, jakitea ea zein izango den irabazlea tirabiran. Bertakoentzat, erabakigarria zaielako. Eta oso urruti ez gaudenontzat, Turkia Europa delako, onerako eta txarrerako. Joan den astean, agintean den AKP partidua legez kanporatzeko (hori ere gerta baitaiteke Turkian) epaiketa hastearekin batera, Gobernu horrexen aginpideko Polizia eta fiskalek beste urrats bat eman baitute «Ergenekon trama» deuseztatzeko. Duela sei hilabeteko sarekada deigarria izan bazen, nola atxiloen nortasunagatik (goi militarrak, kazetariak, enpresariak, politikariak, mafiosoak... itxuraz, elkar-loturarik gabeko jendea) hala egotzi zitzaizkien erruengatik (ekintza terrorista odoltsuak antolatu eta burutzea, Hrant Dink armeniar kazetaria hil izana eta Orhan Pamuk hiltzeko prestatzen aritzea...), oraingoa gorago joan da. Armadaren gorenean egondako jeneralak, lehen mailako kazetari, enpresari eta politikariren bat... dira atxilotuak. Eta akusazioa ere halakoa: estatu kolpea prestatzen eta «girotzen» aritzea, datorren urterako.

Estatu kemalistaren aparatuaren eta AKP islamista gero eta indartsuagoaren arteko norgehiagokan atzera egiteko bideak ixten dituen urrats honen ondoren, noski, batzuek nahiago izan dute Erdoganen gobernuak eduki ditzakeen interes ezkutuei begiratzea, eta agertzen ari diren harreman siniestroekin ezikusiarena egitea. Eta beste batzuek, alderantziz.

Bakan batzuei «sakoneko estatuaren» agerpen hau berri zaharra iruditu zaie, eta «Susurluk!» murmurikatu dute, duela hamabi urteko eskandaluaz oroituz. Bazterra jo eta bertan ziplo geratu zirelako jakin baitzen orduan ere auto berberean zihoazela polizia-buru bat, Otso Arreen profugoa eta mafiaburu gorenetakoa zena, eta diputatu bat... Estatuaren barren-barreneko jendea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo