GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Jesus Valencia Educador social Joserra Trebiño Donostiako Elizbarrutiko Caritas

Arrotz bainintzen eta... etxean hartu al ninduzuen?

Gaur ere elkartasunezko bidean hesiak ezarri nahi dituzte. Une honetan, gainera, datu ekonomikoek krisi- garaiak iragartzen dizkigute eta horrek ez du laguntzen errealitatea behar den patxadaz aztertzen

Mateoren ebanjelioko hitzak baiezkoak dira, ez dago galderarik, egiazko harreraz ari zaizkigu. Europar Batasunean ostera, Itzulera Zuzentaraua onartu eta gero, gauzak ez daude hain argi. Horregatik, Gipuzkoako Caritasetik gure Elizari eta gizarteari gogorazi nahi diegu etorkinei buruz ari garenean, aurren-aurrenik, gizakiez ari garela.Erlijio-ikuspegitik Jainkoaren seme-alabez, eta, giza alderditik, Giza Eskubideen Aldarriak babesten dituen gizon-emakumeez, hara nola bederatzigarren atalean atxiloketa bidegabeei ezezkoa ematen zaie. Hamahirugarrenean pertsonen joan-etorri askerako eskubidea aipatzen da.

Lerro hauek pentsatzen ari ginela, etorkinei buruzko euskaldunon iritzia jasotzen duen ikerketa baten berri zabaldu zen. Hor ageri denez, fenomeno berriak zailtasunak sortarazten ditu, ezezaguna denak ziurtasun eza eta ohiko usteek, beldurrak; baina, aldi berean, ageri dira besteekiko zabaltasuna eta herri berean, gurekin lanean eta festan topo egiten dutenak gizakiak direla aitortzeko jarrera. Jabetzen gara kultura anitzeko pertsonak elkarrekin bizitzea ez dela gauza erraza. Izan ere, gure ezaugarri batzuk on eta baliogarritzat dauzkagu eta ez ditugu galdu nahi. Batzuek diote hori asimilazioa dela... beste batzuek, berriz, inbasiotik defenditzea.

Aitortu beharra dago migrazioa fenomeno konplexua dela. Erantzunak ugariak dira, batzuk goia jotzen dutenak eta beste batzuk behea: agiriak denentzat edo denei pasaportea. Caritasen dugun esperientziak erakutsi digu benetan badirela bi muturren arteko erantzunak. Kontuan izan behar dena urrutitik datozen emakume eta gizon hauekiko harremana da. Familia hartuta eta behin baino gehiagotan adin txikiko umeak eskutik dituztela iristen direlarik. Bizimodu hobearen bila datoz, eta beren eskubidea da etorkizun hobea izaten ahalegintzea. Ez edozein eratan, baina eskubidea dute.

Horregatik minez diogu barrua urratzen digula Europar Batasunak aurrera atera duena bezalako zuzentarau bat besterik gabe onartzeak. Erabaki horren helburua hainbat gizon eta emakumeren aukerak txikitzea da. Bada politika bat gizon-emakumeak gero eta irabazi handiagoak sortzen eta gero eta okerrago banatzen dituen makineria ekonomikoaren pieza gisara erabiltzen dituena eta guk ahotsa altxatu nahi dugu politika horren aurrean.

Beharrezkoa da Europar Batasuna zertarako sortu zen gogoraztea: bi gerratek suntsitutako Europan, ekonomia bitartekotzat erabiliz, bakeak egitera iristeko. Garai hartan eskubidea zuzen bete izanak ekarri zituen ongizatea eta justizia, nahiz eta lorpen hura ez beti libratu botere-gosearen hozkadetatik.

Gaur ere, elkartasunezko bidean hesiak ezarri nahi dituzte. Une honetan, gainera, datu ekonomikoek krisi-garaiak iragartzen dizkigute eta horrek ez du laguntzen errealitatea behar den patxadaz aztertzen. Batek baino gehiagok gure ahultasuna baliatu nahi du gogoz kontrakoa eginarazteko. Orain dugu aukera argi eta ozen esateko etxe honetan badagoela tokia jende gehiagorentzat, gure ogia eta etorkizuna elkarren artean bana dezakegula, eta gure poz eta duintasunaren neurria norbaitek hitz hauek esatea izango dela: arrotz bainintzen eta etxean hartu ninduzuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo