GARA > Idatzia > > Mundua

Herriak Estatu bilakatzeko esperientziak aztergai izango dira UEUn


GARA |

Estaturik gabeko naziotik nazio-Estatura munduan zabaltzen ari diren bideak eta ematen ari diren esperientzia berriak aztergai izango dira aurten Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) ikastaroetan.

Egungo nazioarteko eszenatokian nortasun krisia bizi dute historian zehar eratu diren hainbat nazio-Estatuek, egoera ezkutatzen saiatzen badira ere. Krisi hauek agerian uztea da ikastaroaren helburuetako bat.

Haratago doa, hala ere, gaia ezkutatzeko asmoa. Beraiena duten krisia, krisi orokor bezala aurkezten saiatzen dira.

Horrela bada, nazio-Estatuaren amaiera defendatzen dutenak bere Estatu propioa dutenak izan ohi dira.

Saiakera dialektiko honen helburua beste Estatu berrien sorrera ekiditzea da, egungo muga asko hankaz gora geratuko zirela ongi baino hobeto baitakite.

Saiakera hauen guztien gainetik beren bideari ekin dioten herrien zerrenda gero eta luzeagoa da. Hor daude nazio-Estatu propio bat sortzeko pausuak sendo ematen ari direnak, hala nola, Eskozia, Katalunia, Québec, edota dagoeneko Estatu bilakatzea lortu dutenak, edo lortzear daudenak, Montenegro eta Kosovo kasu.

Gure ingurune politikotik urrun ere beste esperientzia aberasgarriak ematen ari dira azken urteotan, garrantzi handia dutenak, gainera. Hor dago Puerto Ricoko kasua edo giza egitura berria eskaintzen digun Maputxe herriarena.

Baionan

Egungo Estatuak mugi ezinak dioen diskurtso interesatuaren aurrean, Estatu berrien bideragarritasuna mahai gainean jartzeaz gain, bide berri horiek Euskal Herrira begira izan ditzaketen ikasketak ere aztergai izango dira ikastaroan.

Ikastaroa Baionan izango da datozen uztailaren 15, 16 eta 17an. Txente Rekondo GAINeko kideak gidatuta, gaian interesa duen edonork eman dezake izena, beti ere UEUra zuzenduz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo