GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

San Miguel Liga Urdaibairen deskalabrua Boiroko XVIII. Banderan

Castroren turboa eta San Pedro inurria

Zarautzi azken unean kendu zion garaipena talde kantabriarrak. Urdaibaik eta Hondarribiak sekulako estropada eskasa burutu zuten.

p039_f01_199x092.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Atzoko Boiroko XVIII. banderan gauza asko jazo ziren. San Miguel Ligako aurreneko bi estropadetan ez bezala, Urdaibaik ez zuen inolako nagusitasunik erakutsi eta, hala, banderarik gabe itzuli behar izan zuen etxera. Alabaina, bandera ez ezik, TKE Ligako lidertza ere galduta utzi behar izan zituzten Galiziako lurretan Patxi Bilbao eta bere mutilek; izan ere, uste ez bezalako deskalabrua nozitu baitzuten, bederatzigarren postura eroriz. Ondorioz, Zarautzekin egundoko borroka izan ostean, Castrok urteko lehenengo garaipena patrikaratu zuen.

Bestetik, San Miguel Ligako lider berria San Pedroko Libia da, inurriaren moduan, pixkanaka eta erregulartasun handiz, hirugarren postua erdietsi baitzuten. Datorren zapatuan etxean estreinatu ahal izango dute maillot horia eta, normala den moduan, urteko aurreneko ikurrina bilatuko dute sanpedrotarrek.

Bezperako Rianxeira banderarekin ez ei zuen atzoko estropadak zerikusi handirik. Itsasbehera zelarik, larunbatean baino denbora hobeak espero ziren, eta baita hala izan ere. Hasteko, Zarauzko Enbatak marka guztiak lehertu zituen eta kronometroa 19.30,62an geratu zuen, adituak ere ahozabalik utziz. Aurreneko txanda egin zuten zarauztarrek eta haizea ere nahi bezala izan zuten. Hala, Cabo Da Cruz, Tirán eta Arkotek ere 20 minutuz behetik amaitu zuten beren estropada.

Bigarren txandatik aurrera, berriz, haizea altxatu zen eta bapo igarri zen denboretan. Zumaiak irabazi zuen bigarren txanda, baina Zarautzek baino 12 segundo gehiago eginez. Oriok eta Pedreñak, beren aldetik, oraindik puntuan ez daudela erakutsi zuten.

Atzetik aurrera

Ohorezko txandarako, kaleen ordenari jarraituz, Hondarribia. Castro, San Pedro eta Urdaibai prest zeuden. Estropadaren lehenengo luzean, bezperako lan txarrari gaina hartu nahian, Hondarribiak egundoko erakustaldia egin zuen.

Atzo ere oso eskas aritu zen Hondarribia eta hamargarren amaitu zuen berriro. Paradoxikoki, Castrok eta San Pedrok azken postuan eman zuten aurreneko ziaboga.

Alabaina, biek hala biek atzetik aurrera egin zuten eta bigarren luzerako buru-buruan ziren. Lehia polita izan zuten, Castrok, haizea apur baten geratu zela aprobetxatuz, «turboa» sartu eta azken txanpa bikainari esker Zarautzen denbora gainditu zuen arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo