GARA > Idatzia > > Kultura

Urdaneta, antzinako altxor eta egungo aho gozagarrien artean historia eraiki zuen gizona

Ordiziarraren historia bi lehioen bidez ikusi ahal izango da Urdaneta 500 ospakizunen baitan. Jaioterrian antzinako altxor eta gaur egungo gozagarri diren espezien garrantziaz ohartzeko parada izango da. Donostian, berriz, pertsonaiaren ibilbidea gogoratzen da.

p044_f01_140x200.jpg

Odeia AIESTARAN

Filipinak eta Acapulco; Asia eta Amerika. 1564 urtetik aurrera Andres de Urdaneta ordiziarraren lanari esker merkantzi bidez lotutako bi kontinente. Gizadiaren historiari egindako ekarpen handia da hori zalantzarik gabe; Colonen edota Magallanesen inbidiarik ez duen gizon batek utzitako testigantza da. 2008a: Urdanetaren urtea. Horren lekuko dira bere jaioterrian ikusgai dagoen «Espezien mundua» eta Donostian ireki berri duten «Urdaneta 1508-1568» erakusketak.

17 urterekin hasi zen ordiziarra historia eraikitzen, orduan izan baitzuen lehen espedizioa egiteko aukera. Bidaia Moluka irletara izan zen; espezie preziatuen irletara, hain zuzen ere. Bertan, bederatzi urte igaro zituen eta geroago lortuko zuen arrakastaren lehen urratsak erein zituen; J.R. de Miguelek, Donostiako erakusketako komisarioak, esan bezala «itsasoko bataioa» izan zen. Bidaia hura egin orduko hasi zen abentura. Garaian abilezia asko eskatzen zituzten espedizioetan parte hartu zuen eta horrela, besteak beste, Mexikon hainbat urte egin zituen. Urdanetaren puntu gorenena, hala ere, 1559an etorri zen. Orduan errege zen Felipe II.ak Filipinetara joateko espedizioa agindu zion nabigatzaileari, baina sekretupean. Izan ere, irlak Portugalen «esku» zeuden, baina jakina zenez, bertan ez zegoen portugaldarrik eta espedizioak aurrera jarraitu zuen. Urdanetaren erronka ondorengoa zen: Pazifikotik Espainia Berriraino itzulerako bide bat aurkitzea. Erraz lortu zuen proposatutakoa. Planifikatutako itzulerako bidaiak arrakasta itzela izan zuen. Filipinetatik 1565eko ekainaren 1ean atera baziren, urriaren 8an Acapulcora iritsi ziren. Bi kontinente lotuko zituen merkataritza-ibilbidea inauguratu zuten horrela.

Bidaiak, beraz, guztiz estrategikoak ziren eta lurralde berrietan aurkitu nahi zituzten aberastasunak ziren helburu. Horregatik, Urdaneta espezieekin erabat uztartua dago; hori da Ordiziako D´elikatuz zentroan irudikatzen dena. Xabi Irastorza, zentroko teknikari eta nutrizionistaren esanetan «ez dago ulertzerik Urdanetaren historia espezieak kontuan hartu gabe». Ordiziarrak hainbat idatzitan utzi zuen bezala, Espainiak espezieak lortuko balitu arazo ekonomikoak gaindituta izango lituzke. Kontuan izan behar da, garaian balio itzela zutela. «Gaur egungo petroleoarekin konpara dezakegu». Gaitzen sendabelar ziren, trukerako erabiltzen ziren edota zentzu erlijiosoa zuten. Ordizian dagoen erakusketak espezieen mundura eta garai historikora hurbiltzen du ikuslea panel informatiboen bidez. Gainera, aho gozagarri izan dadin, altxor preziatuak dastatu eta balio handi horren zergatia ulertzeko aukera paregabea izango da.

Ordiziatik mundu zabalera

Urdanetaren irudia ezagutzeko aukera ezin hobea da, bestalde, Donostian aurkitzen dena. Bertan, modu didaktikoan azalduta, mapek, panelek eta objetuek mosaiko ederra osatzen dute. Jose Ramon de Miguelek, adierazi zuenez, lehen pausoa testuinguru historikoa azaltzea izan da eta ondoren, mapen erabilpena. Sartu eta bertan Nao Victoria itsasontziaren maketa ikus daiteke; historian sartzeko inpaktuz betetako unea. Ikusleak «bidaiaren historia»rekin egingo du topo Donostian. Batetik, panelek Urdanetaren izkribuen bidez eraikitako istorio batean murgiltzera gonbidatzen dute. Hala, berak zituen ideien azalpenak, bidaiaren prestaketak, joaneko bidaiak eta itzulerako bidaiak egindako lana ezagutzera eta pertsonaia beraren barnealdean sartzera behartzen du ikuslea. Horiek garrantzi berezia dute espedizioetan parte hartu dutenen esanetatik eginikoak baitira. Horrez gain, garaian erabilitako objetuek (iparrorratzak, koadranteak...) bidaian definitiboki atzera begiratzera bultzatzen dute. Donostiakoa bere kabira itzuliko da Urdaneta 500 urtea amaitzen den arte, azarora arte.

Ez dira horiek, hala ere, Urdanetaren inguruan dauden ekitaldi bakarrak. Zaragozako Expoan dira hil honetan «El secreto de Urdaneta» dokumentala eta «Urdaneta y su tiempo» liburua aurkeztuko dira. Horrez gain, Urdaneta beste hainbat txokotan gogoratuko dute. Hala nola, Bartzelonan, Mexikon eta Filipinetan. Santamaria Ordiziako alkateak esan bezala «Urdanetarekin dugun zorra kentzeko» aukera paregabea dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo