GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Begiekin marrazten ikasi dute hik hasiko udako topaketetan

Marrazten ez dakigunok errua esku ona ez izateari egozten badiogu ere, arazoa begiratzen ez jakitean omen dago. Arkatza eskuan, ikusten dugun hori paperera nola eraman ikasten aritu dira Hik Hasik Udako Topaketa Pedagogikoen barnean antolatu duen ikastaro batean.

p018_f01.jpg

Janire ARRONDO

Hik Hasik eta EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailak antolatutako Udako Topaketa Pedagogikoetan heziketa lanetan aritzen den jende ugarik hartu du parte. Erronka berriei aurre egin ahal izateko hezitzaileek beharrezkoa dute beren burua prestatzea. Donostian, uztailaren 1, 2 eta 3 bitartean, goizez, izan dira ikastaroak, eta gustu guztietako gaiak izan dituzte aukeran. Arratsaldeetan, berriz, saio irekiak egin dituzte; hitzaldi eta eztabaidaz gain, erromeria dantzak ikasi edo antzerkian aritzeko aukera izan dute gerturatutakoek.

Ikastaro horiek eskaintzeaz gain, hainbat arlotan aritzen diren adituak bildu eta beren hausnarketak, ideiak, egitasmoak eta proiektuak trukatzeko topaleku izatea izan da udako topaketa hauen helburua.

Begiratzen ikasten

Aurtengo topaketetako berrikuntzetako bat marrazketari buruzko ikastaroa izan da. Hamalau pertsonako taldea osatu da «Marrazten ikasi garunaren eskuineko aldearekin» izena zeraman ikastaroan, Txitxi Orbegozo marrazkilariaren gidaritzapean. Orbegozoren esanetan, umetatik gauzak era arrazionalean egiten irakasten digute, eta horretarako garunaren ezkerraldea erabiltzen omen dugu. Eskuinaldean ordea, baditugu beste horrenbeste gaitasun, eta horiek ere garatu egin beharko genituzke.

Orbegozok kirola izan zuen ogibide, marrazketan hasi aurretik. Bata bestearengandik guztiz ezberdinak badira ere, bien arteko aldea argi ikusten du berak. Kirolerako, soin gaitasunak lantzen dira, eta marrazketarako berriz, garuneko gaitasunak. Beraz, marrazteko «kontua ez da esku trebea izatea, begi argiak izatea baizik». Horregatik, ikastaro honetako helburu nagusia, marraztu ahal izateko, errealitatea behar bezala behatzen erakustea izan da. «Ez dugu ikusten duguna sinesten, sinesten duguna ikusten dugu»; beraz, beharrezkoa da baldintzatu gabeko begiekin begiratzea, aurreiritziak alde batera utzita.

Ikastaroan, bat baino gehiagori marrazten hastea kosta bazitzaion ere, ordu gutxitan, lotsak alde batera utzi eta irakaslearen azalpenekin, hobekuntza nabarmena erakutsi zuten ikasleek. Paperera begiratu gabe, argi itzalak eginez, hutsuneetan arreta jarriz... marrazteko teknikak bereganatu dituzte. Orbegozoren ustez, denok dugu marrazteko gaitasuna, baina, hori garatzea falta zaigu. Nerabezarora iristean, orokorrean, marrazteari uzten diogu, eta hor eteten da garapena. Hori, adierazpen artistikoari «behar besteko garrantzirik» ematen ez zaiolako gertatzen da.

Artean edozer egitea libre delako ustea zabaldua dago, baina, Txitxi Orbegozo ez dago horrekin guztiz ados. Adierazpen artistikorako, beste edozein alorretan bezala, oinarrizko ezagupenak eduki behar dira. Ondoren, «amets egiten jakin behar da».

Artea eta hezkuntza

Gaur egun, hezkuntzan artearen disziplinak ez du «behar besteko lekurik» Orbegozoren hitzetan. Ez zaio gainontzeko irakasgaiei ematen zaien garrantziarik ematen, eta berarentzat «lotsagarria» da ikastetxeetatik gazteak marrazten edo artistikoki adierazten jakin gabe ateratzea.

Gero eta lanbide gehiagotarako eskatzen dute kreatibitatea. Ikastetxeetan, ordea, ikasleen prestakuntzaren alor horri ez zaio garrantzirik ematen. Egoera horren aurrean, Orbegozok, horrelako ikastaroak aprobetxatzen ditu heziketan dihardutenei, marrazketarako teknikak irakasteaz gain, adierazpen artistikoaren garrantzia helarazteko. Bere denbora librean ere saiatzen da ikastetxeetako irakasleei ikastaroak ematen; dena, errealitatea ikusteko beste modu bat badagoela erakustearren.

Azken finean, errealitatea behatzen ikasteak, marrazketan laguntzeaz gain, bizitza ikusteko beste modu bat erakusten du.

Gustura azaldu dira udako topaketen antolatzaileak lortutako emaitzekin

Guztira 23 ikastaro eta 500 parte hartzaile baino gehiago izan dira Hik Hasik antolatutako IX. Udako Topaketa Pedagogikoetan. Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute aurtengo saioaren gainean; bereziki, partehartzaileek agertu duten interesa, motibazioa eta inplikazioa azpimarratu dituzte. Bestetik, irakasle lanetan aritu direnak ere, gustura geratu dira taldeekin egindako lanarekin.

Arratsaldeetako saio irekiei dagokienez, parte hartzea handia izan da antolatzaileen esanetan. Gainera, emaitza onak utzi ditu antzerkigintzaren inguruko saioak; izan ere, Antzerkizaleen Elkartea sortzeko lehen pausoak eman dituzte.

Aurtengo topaketei Imanol Urbieta musikari eta pedagogoari egindako omenaldiarekin eman diote amaiera. Urbietari, musikaren bidez, pedagogiari egindako ekarpena eskertu nahi izan diote. J. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo