Jolasek, saltoek, dantzek, irriek ez dute etenik Pasai Antxon
Antxotarrak kanta eta dantza dabiltza azkenaldian. Ekainaren 28an San Ferminen pregoia izan zuten, eta ondotik hamaika gozagarri etorri zen. Asteburu honetan berriz hasi dira jaiak. Gaur dute egun handia, San Fermin Eguna, eta ziur santu beltzaranak merezi duen bezala ospatzeko indarra gelditzen zaiela. Nola ibili gainerakoan bigantxen tartean lasterka, ginkanan jolasean edota Saltsero konpartsarekin eta Jatorrena txarangarekin saltoka?
GARA |
San Fermin Egunari hasiera emateko, diana joko du Gauerdi taldeak, eta ondotik Lasturreko Marques de Saka ganadutegiko bigantxak ibiliko dira Kupeldegi kalean barna. Helduak animalia hauekin jostatuko dira, eta haurrak, berriz, Kulkirekin. Kultura eta kirola hitzen laburbildua da Kulki; bi hitz hauek biltzen dute egitasmoaren helburu nagusia: euskal kulturako arlo ludikoa (herri jolasak, jokoak eta herri kirolak) ezagutu, praktikatu eta baloratzea.
Luisfer Etxeberriak eta Asier Lafuentek osatzen dute Kulki. Hauek ikerketak egiten dituzte jolasak eta jokoak berreskuratzeko eta jendearengana hurbiltzeko. Jolasen eta jokoen egitura ezagutzen dute, baita garaia, lekua eta, jakina, jokalariek ematen dioten esanahia ere. Gainera, materiala berreskuratu eta sortzen dute, eta beste lurraldetako elkarteekin harremanak dituzte, gure kultura zabaltzeko eta besteena ezagutzeko.
Hala, baserriko jolas eta jokoak, artzainenak, arrantzaleenak eta meatzarienak erakusten dituzte Euskal Herriko plazetan. Etxeberria eta Lafuente jakitun dira jaiak ematen dien aukeraz. Besta giroan, herritarrak elkartu, eta zaletasunik minenak adierazten dituzte: musika eta dantza, jana eta edana, berriketa eta barrea, jokoa eta jolasa...
«Joko eta jolasen inguruan, plaza herritar guztien topalekua izaten da, zaharrek umeei betiko joko eta jolasak erakusteko tokia. Eta gauzarik garrantzitsuena, herritarrek parte hartzen dute herriko bizitzan», azaldu dute.
Kulkiren jolasez gain, etxeko ginkana izanen dute umeek, Bekoz Beko eta Ziripotz elkarteek antolatutakoa.
Danborrada, karroza eta guzti
Eguerdian, Saltseroak konpartsa ibiliko da barrutiko kaleetan giroa alaitzen, Jose Mari Rey saltsero nagusiarekin eta Jatorrena txarangarekin. Gainera, hauei Pasaiako trikitilari taldea eta erraldoiak eta buruhandiak gehituko zaizkie. Eta bazkalaurreko jai borobil honi jota nafarren jaialdiak jarriko dio ginga. Voces Navarras taldeak kantatuko du Axular plazan.
Haurrak izanen dira protagonista arratsaldean ere, Ziripotzek eta Mimos tabernak dardo txapelketa antolatu baitute beraientzat. Gero danborradan aterako dira Pasai txarangarekin. Luzuriaga, Eskalantegi, Hamarretxeta eta Blas de Lezo zeharkatuko dituzte makilak astinduz eta burrunba ateraz, eta Biteri plazako joaldiarekin amaituko dute danborrada. Karroza ikusgarri bat ibiliko da beren atzetik, Tom eta Jerry marrazki bizidunetan oinarritutakoa, eta bertan joanen dira Patricia Couto Gonzalez eta Aaron Esnal Gimon alkate txikiak.
Danborradatik Alkarkideren erromeriara eta Beñat Gaztelumendiren eta Jon Martinen bertsoetara. Eta ondoren, bigantxak berriz ere.
Herri kirolen erakustaldia ere iragarrita dago. Bertan, Mindegia eta Olasagasti aizkolariak arituko dira lehian. Saralegi eta Aratz Mugerza bikoteak Ion Rekondoren eta Ugatz Mugerzaren aurka neurtuko ditu indarrak, eta bukatzeko, Mari Jose Sardon eta Ostolaza harrijasotzaileek erronka izanen dute.
Egan taldearen dantzaldiak eta Beñat disko-jartzailearen festak itxiko dute Udalak gaurko prestatutako egitaraua. Bihar, berriz, Haurren Eguna izanen da, mila ekitaldirekin. Batzuk aipatzearren: puzgarriak; patata tortilla txapelketa; Ziripotz Aisialdi Taldearen jolasak; Alkate txikien inbestidura; karabina-tiroa; xake txapelketa...
Gauerdian «Pobre de mí» abestuko dute, eta kalejiran ibiliko dira txarangarekin, etxeetatik botatako uraren freskuran.
Puzgarriak, tortilla txapelketa, jolasak, alkate txikien inbestidura, karabina-tiroa, xake lehiaketa, pottokak eta bigantxak, zezensuzkoa... Ekitaldi ugari prestatu dute biharko umeei begira.