Sokatira
Goiherri eta Gaztedi hasieran bezala daude
J.L. | LESAKA
Lehen jardunaldian bezalaxe, bigarren jardunaldian ere berdindu egin dute Goiherri A taldeak eta Gaztedik, eta, ondorioz, biak ala biak bederatzina punturekin dira sailkapen orokorrean.
Lesakako sanferminetako jaien barruan jokatu zen lur gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketako saioa. 600 kiloko bigarren jardunaldia jokatu zuten Goiherri A eta B-k, Gaztedik, Aresok eta Getxok.
Lehen jardunaldia jokatu zuten joan zen igandean, eta orduan berdindu egin zutenez Goiherri A-k eta Gaztedik, beren arteko txanda zen herenegungo saioan ikusmin handiena sorrarazi zuela. Lehia hori arratsaldeko azkena izan zen, hamargarren ekinaldia. Ordura arte mendean hartu zituzten gainerako hiru kontrarioak. Beren arteko lehen tiraldian, Goiherrikoek zeukaten soka beren aldera, baina bi faltarekin ziharduten. Azkenean hori izan da erabakigarria, epaileak hirugarren falta adierazi baitzien Erandiokoei, 9 minutu eta 27. Segundoan. Bigarren tiraldian ere, Goiherrik jo zuen lehen kolpea, eta beraiek eraman zuten soka, 3 minutu eta 21 segundoan. Oraingoan ez zuten faltarik egin, eta erraz gailendu ziren.
Bestalde, hirugarren posturako lehian Goiherri B taldeak mendean hartu zuen Areso. Hirugarren txandan neurtu zituzten indarrak, eta bi tiraldiak irabazi zituzten bizkaitarrek (2:55 eta 4:37). Lehen jardunaldian Aresok hartu zien aurre, baina herenegun bestaldera izan zen. Erandiokoek, halaber, Getxo gainditu zuten nahiko ongi. Hain justu ere, Aresok Getxoren aurka lortu du arratsaldeko txanda irabaztea, eta, ondorioz, Getxo izan zen tiraldirik irabazi gabe geratu zen taldea.
Sailkapenean berdinduta geratu ziren beraz, Gaztedi eta Goiherri A, 10 punturekin: Goiherri B izan zen hirugarren 6 punturekin, Aresok 3 batu zituen, eta Getxok, aldiz, bakar bat ere ez, tiraldi guztiak galdu baitzituen.
Sailkapen nagusian ere berdinduta jarraitzen dute Gaztedik eta Goiherrik, biek bederatzina puntu baitituzte. Hirugarren postuan ere berdinduta daude Goiherri B eta Getxo, hauek bost puntu dituzte. Azkena berriz, Getxo bi punturekin.
Pisu hau amaitzeko jardunaldi bakar bat geratzen da, eta dudarik gabe aurten jokatu den pisurik estuena izango da, orain arte azkeneko jardunaldira ez baitziren inoiz horren orekatuta heldu. Lehen postua erabakitzeko, azkeneko jardunaldian irabazten duenak jantziko du txapela. Berriro ere berdinketa izango balitz, oraingoan kitarakloa jokatu beharko da. Azkeneko jardunaldian ez baitago berdinean amaitzerik. Hirugarren posturako ere gauza bera izango da. Jadanik 680 eta 640ko txapelak erabakita daude, eta biak jantzi zituen Goiherrik, baina Gaztedik aukera dauka denboraldiko lehenengoa irabazteko, baina azkeneko jardunaldian garaipena beharko du.