Aizkora Gipuzkoako Txapelketa
Joseba Otaegik eman du lehen kolpea, baina oraindik finala falta da jokatzeko
J.L. | USURBIL
Joseba Otaegik ez zuen hutsik egin, eta berak lortu zuen Gipuzkoako Bigaren Mailako aizkolarien kanporaketa bereganatzea, atzo Usurbilen jokatu zen saioan. Ezusteko handirik ez zen izan, agian Mugertza II.ak eman zuen handiena, Mutrikukoak ez baitzuen lortu finalerako txartela. Atzokoan ez zuen izan bere egunik onena.
Gainontzean, iragartzen ziren guztiak lortu zuten finala jokatzeko asmo hori. Aierbe II.ak ezin izan zuen parte hartu, eta ataundarraren hutsegiteak ate gehiago zabaldu zituen, bera ere faboritoen artean baitzegoen. Azkenean, ordea, Otaegik bereganatu zuen lehen postua, eta berarekin batera, Mujika, Ugarteburu, Zubizarreta, Telletxea eta Mugertza III.a izango dira uztailean Mendaron jokatuko den azkeneko ekinaldi horretan. Txapela lortzen duenak datorren urtean maila nagusian aritzeko parada izango du. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen, eta zizurkildarrak zortzi minutu pasan amaitu zuen.