GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Ibai Redondo Euskal Herriak Bere Eskola

Pixka bat... ez da nahikoa

Pixka bat ez dela nahikoa hezkuntzan ere ikusten dugu, Euskal Herri osoan, derrigorrezko hezkuntza amaitzean, hiru ikasletik bakarra euskalduntzen baita. Kezkagarria da, baina are kezkagarriagoa da euskaldundua izateko eskubidea horren modu nabarmenean zapaldu, eta politikak ez aldatzea

Eusko Jaurlaritzak «Pixka bat... es mucho» kanpaina jarri du abian, Ukan izeneko panpinaren birusa zabaltzeko asmoz. Ez dago zalantzarik kanpaina arrakasta mediatiko handia izaten ari dela (nork ez du ezagutzen abestia eta Ukan birusa?), Eusko Jaurlaritzako politikariak bereziki onak baitira marketin kanpainak egiten.

Beraien mezuaren zati bat euskaldun berriei zuzenduta dago, lotsak eta beldurrak kendu eta euskara erabiltzera animatzeko. Kanpainaren bigarren zatia, aldiz, azken 25 urteotako hizkuntza politikaren gorazarrerako da, beren politika oso positiboki baloratzen dutelarik, beraien aburuz, «pixka bat» gaztelaniaz mucho delako, eta bide beretik jarraitu behar delako.

Hau «kasualitatea», «Pixka bat... es mucho» kanpaina aurkeztu, eta egun gutxira, Euskararen Erabileraren V. Kale Inkesta publiko egin dute, bertan euskararen ezagutza eta erabilera azken 17 urteotan EAEn pixka bat igo dela ikus daitekeelarik, %3,4, eta azken sei urteotako moteltzea nabarmena delarik, %0,7 igo da.

Pixka bat ez da nahikoa. Badirudi Eusko Jaurlaritzako Euskara eta Kulturako sailburuak eta herritar gehienok betaurreko ezberdinekin irakurtzen ditugula euskararen erabileraren inkestak, agintariek 25 urteko ibilbidea eta hizkuntza politika oso ona ikusten duten tokian, besteok, euskararen ezagutzan eta erabileran gutxiegi aurreratu dugula ikusten dugu.

«Pixka bat... es mucho» kanpaina pixka bat... da asco sentimendua bilakatzen da askorentzat. Aurpegi galanta behar da, euskararen ezagutzan eta erabileran pauso txikiak eman direla justifikatzeko ardura euskaldun berrien bizkar gainean jartzeko, lotsak eta beldurrak omen dira erabileran aurrera ez egiteko arrazoia Patxi Baztarrikaren (Euskara eta Kulturako sailburua) aburuz, 25 urteotako EAEko hizkuntza politika «oso positiboa» izan dela baloratzen duen bitartean.

Egiari zor, azken 40 urteotan ez da makala euskaldunok egin duguna. Bi estaturen hizkuntza handien aldeko politika eta euskararen desagerpenerako lege eta praktika glotozida egin dute Estatu espainolak eta frantsesak, euskara putzu sakon eta ilunean itotzeko arrisku bizian jarriz. Euskara putzutik ateratzeko herritarrok lan handia egin dugu: ikastolak sortu eta garatu; helduen euskalduntze eta alfabetatzea martxan jarri eta garatu; eskola publikoan euskarazko irakaskuntza txertatu; aisialdian eta lan munduan euskarari lekua egiteko proiektuak abiatu; administrazioan euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko aldarrikapena zabaldu; herriz herri euskara berreskuratzeko plangintzak aplikatu; etab. Txalotzekoa da ahalegina, baina zoritxarrez ez da nahikoa, euskara putzu sakon eta ilunetik atera, estatuen atzaparretatik askatu eta itsaso urdin eta zabal bat izateko instituzioek eta legeek ere euskararen berreskurapenari bultzada eman behar diote, gaur egun ez bezala.

Euskararen berreskurapen prozesua hezkuntzan hasi zen, belaunaldi berrien euskalduntzea lortzeak euskararen etorkizuna bermatuko zuen ustean, eta neurri batean hala da. Hala ere, politika integral eta nazionala behar da euskara berreskuratzeko, herritarrak, eragileak eta instituzioak batuko dituena eta bizitzako arlo guztiak ukituko dituena (hezkuntza, administrazioa, aisialdia, hedabideak, lan mundua...), euskararen ofizialtasuna bermatu eta lehentasunezko hizkuntza gisa hartuz; gai honi buruz, ziur guk baino hausnarketa landuagoak dituela hainbatek.

Esan bezala, euskararen berreskurapen prozesua hezkuntzarekin hasi zen, aro modernoan, orain dela 40-50 urte euskarazko eskolak, ikastolak sortuz. Ziur, gainera, euskararen berreskurapenik ez dela izango belaunaldi berriak euskaldundu ezean.

Pixka bat ez dela nahikoa hezkuntzan ere ikusten dugu, Euskal Herri osoan derrigorrezko hezkuntza amaitzean (16 urterekin), hiru ikasletik bakarra euskalduntzen baita. Datua kezkagarria da, baina are kezkagarriagoa da euskaldundua izateko eskubidea horren modu nabarmenean zapaldu, eta politikak ez aldatzea.

Euskaldun orok daki Estatu frantsesaren hizkuntza politikaren helburua euskara desagertzea izan dela beti, eta horrela jarraitzen duela. Politika horretan hezkuntzaren bidez belaunaldi berriak desnazionalizatzea (euskara eta euskal kulturaz ez jabetzea) obsesio nagusietakoa izan da. Zoritxarrez, ahalegin horretan emaitza bikainak lortzen ari dira. Ildo beretik doaz espainiar Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikak, hezkuntzan lehen gaztelania eta orain gaztelania/ingelesa bultzatu, eta euskara baztertzen dutela.

Euskararen aurkako politika basati hauen aurrean, zenbaitek EAEkoa justifika dezake «Pixka bat...es mucho» leloari zilegitasuna emanez. Pixka bat pixka bat da, eta 25 urtean beren burua euskaltzaletzat dutenak agintean izanik lotsagarria iruditzen zaigu emaitza. Euskarak herritarren babes osoa du, legedia eta instituzioena falta zaio, nola uler daiteke EAE bezalako ingurune aberatsean, 25 urtean EAJ nagusi izan denean, horren gutxi aurreratzea? Beren poltronak mantentzeko edo AHT bezalako makroproiektuak inposatzeko egin duten ahaleginaren eta erabili duten diruaren laurdena euskararen aldeko politiketan inbertituko balute ez ote litzateke bestelako emaitzarik lortuko? Tontxu, noizko ereduen politikaren gainditzea?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo