GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Trontza

Nafarroako hiru txapel banatuko dira Iruñean

p040_f02.jpg

J.L. | DONOSTIA

Heldu dira Iruñeko jaiak, eta horiekin batera, gaurtik heldu den astelehenera bitartean, egunero izango dira jaialdiak eta herrialdeko hainbat final jokatuko dira tarte horretan. Gaur esaterako, lau txapel banatuko dira.

Trontzak izango du gaurko protagonismoa, kirol honetako hiru final jokatuko baitira, eta bi, gainera, maila nagusikoak, gaur erabakiko denez gizonezkoen eta emakumezkoen bikorik onenak zein diren .

Mutiletan, honako hauek parte hartuko dute: Barberena anaiak, Aizkorbe-Cano, Pikabea-Morrondo, eta Txoperena-Portu. Barberenatarrak dira txapela lortzeko faborito nagusiak. Beraiek dira egungo txapeldunak, ez Nafarroakoak bakarrik, baita Euskal Herrikoak ere.

Aizkorbe-Cano izan da aurreko urteetan beraiei aurre egiteko gai zen bikote bakarra, baina herenegun Usurbilen jokatu zen Euskal Herriko kanporaketan zazpigarren geratu ziren, eta horrek beraien inguruan nolabaiteko zalantzak piztu ditu.

Hala ere, Euskal Herriko finaletik at geratze horrek ondorio on bat ere ekarri dezake beraientzat, orduko arantza kendu nahiko baitute gaur, eta saiatuko dira faboritoak estu eta larri hartzen. Biko bakoitzak 14 epai eman beharko dizkio etzandako kana-erdiko enbor bati, eta tamaina bereko beste enbor bati, berriz, 4.

Emakumezkoen maila nagusiko finala ere gaur bertan erabakiko da. Bertan, honako hauek parte hartuko dute: Ariztegi-Galarregi, Txueka-Agerre eta Lopez-Nuñez. Bikote bakoitzak 10 epai eman beharko dizkio etzandako 45 ontzako enbor bati. Final estua iragartzen da, nahiz eta adituen ustez, lehen bi bikoak izan daitezkeen txartela lortzeko faboritoak. Bi horiez gain, kadete mailako finala ere jokatuko da.

Lasto-altxatzea

Trontzako final horiek, eta gainera, lasto-altxatzeko herrialdeko txapela ere jokatuko da, eta honako hauek ariko dira bertan: Sein anaiak, Telletxea eta Bereau. Kirolari bakoitzak 45 kiloko lasto fardela erabiliko du, eta hura zazpi metrotara altxatuz ahalik eta jasoaldirik gehien emateko bi minutuko tartea izango du.

Hala ere, gaur Iruñeko Foruen enparantzan bertaratzen diren zaleek beste ikuskizunik ere izango dute, Daniel Vicentek eta Joxejuan Barberenak aizkora erakustaldia eskainiko baitute.

Bihar ere aurrera jarraituko dute txapelketek, eta eguneko probarik garrantzitsuena herrialdeko harri-jasotze lehiaketa izango da. Aurten Patxi Larretxea txapelduna ez da ariko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo