Zubigainekoak dantzan paratu ditu lesakarren bihotzak
Herri osoa tradizio baten inguruan bilduta, bandaren eta txistularien musikarekin hunkituta, errekaren bi aldeetan dantzan ari diren ezpata-dantzarien mugimendu arinei adi. Zubigainekoa Lesakako sanferminetako ekitaldirik ederrenetakoa da. Atzo Pello Etxebeste kapitainaren aginduetara aritu ziren mutilak eta, bertze urte batez, herritarren bihotzak dantzaraztea lortu zuten, txistu eta danbolinen erritmora hegaka ibili zen bandera bezala.
Maider IANTZI |
Onin errekaren ingurua gainezka zegoen 12.30erako. Adin guztietako herritarrak elkartu ziren, arropa dotoreenak jantzita anitz, bestetako egun handia baitzen, San Fermin Eguna. Zubigainekoa ikusteko toki egokia hartua zuten denek. Orduantxe aditu zituzten txistularien eta bandaren doinu alaiak. Prozesioko lagunak ailegatzen ari ziren santuaren irudiarekin. Han ziren udal agintariak, horietako bi, EAE-ANVko ordezkariak, ahoa bandera espainolarekin estalita; baita ezpata-dantzariak ere, eguneko protagonistak.
Azken hauek 8.00etarako elkartuak ziren meza isila aditzeko eta txistulariekin batera Casino ostatuan gosaltzeko. Gero berriz joan ziren elizara, baina oraingoan musika banda ere lagun zutela, «Napoleones» kantaren erritmora dantzan. Prozesioa egin, santua bere lekuan utzi eta Onin errekara iritsi zirenean herria zain zuten, baita bertako bandera ere.
«Apartheid eta eraso guztien gainetik, gora ezker abertzalea!» zioen pankarta bat ireki zuten zubian. Hainbat jendek koloretako orriak zituen eskuan demokrazia eza salatzeko. Herritarrek gora begiratzen zuten tarteka. Zerua goibel zegoen. Dantzariak ailegatzean langar pixka bat hasi zen, baina berehala gelditu, eta eguzkia agertu zen berriro ere.
Emozio handiko uneak bizi zituzten ezpata-dantzariek, Pello Etxebeste kapitainaren gidaritzapean, Zubigainekoa dantzatu zutenean, baita bandera astindu zutenean ere. Bazirudien herriko ikurra txistu eta danbolinen doinuekin hegaka ari zela.
Onin errekatik Plaza Zaharrera abiatu ziren denak txalo artean. Ikusleek ere hankak mugitzen zituzten dantzariek bezala. Plazan jende gehiago zegoen zain. Une batean isil-isilik egon ziren denak eta orduan kapitainak lehenbiziko pausoak egin zituen. Segituan jarraitu zioten gainerakoek, musika banda eta txistulariak jotzen hasi ziren eta emozioak eztanda egin zuen. Bandera udaletxeko balkoira igota bukatu zen ekitaldia. Bazkaldu aitzinetik mokadu bat hartzeko ordua zenez, jendeak ostatuetara jo zuen. Giro ezin hobea zegoen terraza batean jarri eta zerbait hartzeko.
Arratsaldean, hamabost ezpata-dantzariak berriz atera ziren, oraingoan bertze hamabost neskarekin, eta mutil-dantza, neska-dantza, jota eta arin-arina dantzatu zuten. Ongi irabazia zuten Casinoko berendua. Dantzariek eta musika bandako kideek azaldu zigutenez, hagitz polita izaten da San Fermin eguna, benetan gustura ibiltzen dira dantzan eta musika jotzen, ekitaldi horietan parte hartzea ohore bat dela sentitzen dute.
Gaur, Peñen Eguna
Dantzaz eta musikaz gain, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Xabi Terreros, Julen Zelaieta eta Julio Soto bertsolariekin gozatzeko aukera izan zen; Goloka Park taldearen animazioa; Gaubelarekin dantzaldia; Incansables txaranga kalez kale... Gaur Peñen Eguna dute lesakarrek. Lagun taldeak gosaltzeko elkartuko dira eta besta polita eginen dute egun osoan: danborrada izanen dute, peñen jautsiera, betizuak...
Atzo egun handia izan zuten lesakarrek, baina gaurkoa ere ez da makala. Peñek gosaria, bazkaria, danborrada eta betizuak izanen dituzte gozagarri. Ohitura denez, ura botako diete eta errekan bainatuko dira.
Udalaren egitarauaz gain, herri mugimenduak antolatutako hainbat ekitaldi daude aukeran: gaur animazioa izanen da peñen jautsieran; bihar txosnetan jokoak eta futbito 3x3; eta ortzegunean bazkaria eta musika.