2008 Tourra Ihesaldia eta lider aldaketa aurreneko erlojupekoaren bezperan
Espero baino egun bat arinago hasi da «benetako Tourra»
Ihes eginda laukote bat iritsi zen Nantes-era, eta Cofidis-eko Dumoulin gailendu zen. Bestetik Barloworld-eko Feillu da lider berria. Menchov-ek 38 segundo galdu zituen helmugan. Gaur izango da Tourreko lehenengo erlojupekoa: Cholet-Cholet, 29,5 kilometrotan.
GARA | NANTES
«Egiazko Tourra» gaur omen zen hastekoa, Cholet-en hasi eta amaituko den 29,5 kilometroko bakarkako erlojupekoarekin. Alabaina, errepideak beste behin erakutsi zuen Tourra lasterketak berak nahi duenean hasten dela. Inork uste ez zuelarik, aurreneko erlojupekoa hasterako lider berria izango da: Agritubel taldeko Romain Feillu frantsesa, eta hasi da faboritoen arteko bakantzea. Hots, «egiazko Tourra» egun bat arinago hasi dela.
Hala, atzoko etapak Le Grande Boucle-ren alde ankerra ere erakutsi zuen bi galtzaile nagusirentzat: Saunier Duval taldeko Ángel Gómez «Litu», helmugatik 18 kilometrora erori, eta Tourra bertan utzi behar izan baitzuen, eta Rabobank-eko Denis Menchov nafar-errusiarra bestetik, erorketa horren ostean tropelean sortutako aztarrikak atzean harrapatu eta helmugan 38 segundo galdu zituelako. Kolperik latzena, hala ere, Christophe Moureau eta Amets Txurruka zekartzan taldeak jaso zuen. Hauek irabazlearengandik 4.55era helmugaratu ziren.
Haizeak eta tropelaren abiadurak, urduritasuna errotu zuten haren barnean eta talde nagusia hiru puskatan zatitu zuen. Hala ere, Denis Menchov izan ezik, gainontzeko faboritoak aurreneko taldean helmugaratu ziren, irabazlearengandik 2.03ra.
Nantesko helmugara, ezustean ihes eginda, laukote baten barruan iritsi zen Feillu, lider berria. Bere iheskideak etapa irabazle Cofidis-eko Samuel Dumoulin, Garmin talde berriko William Frischkorn estatubatuarra eta 14 segundora helmugaratu zen Barloworldeko Paolo Longo Borghini izan ziren.
Abenturazaleak Loira ibarrean
Nantes, Loirako ibarreko hiriburua, etapak esprintean amaitzeko leku aproposa izan ohi da. Adituek eta txirrindulariek ere, erlojupekoaren bezperan etapa honek gorabehera berezirik ez zuela ekarriko pentsatzen zuten Tourra hasi aurretik. Baina txirrindularitzak, are gehiago lasterketa honek, ezustekoak nonahi ezkutatzen ditu. Hala, inork ere espero ez zuelarik, laukote batek etapa eta maillot horia eraman zituen berarekin.
Etapa lauetako ohiko gidoiari jarraituz ekin zion Tourreko hirugarren etapak. Saint Malo-tik abiatu eta berehala, lehenengo kilometroan, Feilluk, Dumoulinek, Longo Borghinik eta Frischkornek osaturiko laukoteak tropeletik hanka egitea lortu zuen, haren baimenaz. Jakina da halako ihesaldiek -ez zaie alperrik «abentura» deitzen- nekez izaten dutela arrakastarik, are gutxiago aurreneko astean, esprinterarien taldekideak lanerako prest eta sasoi betean daudenean. Kontuak kontu, iheslariek berehala hartu zuten aldea. Laurak elkarren artean ederki asko konpondu ziren eta, hala, tropela presa handirik gabe zihoala aprobetxatuz, minutu dezente hartu zituen laukoak: 12 minutu eta 55 segundu, gehienera.
Indarrak behar bezala kudeatu zituen aurreko laukoteak. Ondorioz, tropelaren jazartze lana asko zaildu zuten. Egia da, halaber, Caisse d'Epargnek asko sakatu gabe tiratzen zuela eta Quick Step sartu arte aldeak ez zirela asko murriztu. Gainera, protestan ari ziren langile batzuek abenturazaleei mesede egin zieten, tropelak erritmoa moteldu behar izan baitzuen.
Nahiko garbi zegoen ordurako laukoteak bere helburua lortuko zuela eta Feilluk, Valverderengandik 18 segundora zegoelarik, maillot horia jantziko zuela. Azken kilometroan elkarri erasoka hasi ziren iheslariak eta, justuan eta indarrez ahituta izan bazen ere, Cofidis taldeko Samuel Dumoulinek irabazi zuen, Estatu frantseseko txirrindularitzarentzat eguna biribilduz.
Helmugara iritsi ostean, gaurko Choleteko erlojupekoari buruz, berriz, «faboritoen arteko aurreneko azterketa izango da» azaldu zuen Eusebio Unzuek, Caisse d'Epargneko zuzendariak. «Bakoitzaren sasoi puntua zein den erakutsiko du».