GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

San Ferminak 08

Barcinaren kontrako txistuak isilarazi nahi izan zituen Poliziak

San Fermin egunean, prozesioaren baitan, bada alkateari txistu egiteko urtero hiritarrak biltzen dituen gune bat. Atzokoan, Polizia espainolak toki hori hartu eta 1978ko sanferminetako irudia oroitarazi zuen bere presentziarekin. Azkenean, kiliki eta erraldoien konpartsak polizia artean pasatzeari uko egin zionez, handik alde egitera behartu zituzten. Bildutakoek, aurten ere, txistuak eskaini zizkioten Barcina alkateari, eta txaloak kiliki, erraldoi eta musikariei.

pf02_f02.jpg

Ander PEREZ |

San Fermin eguna, jaietako egun handia, ospatu zuten atzokoan Iruñean. Egun horretan, santuaren irudia Alde Zaharreko kaleetan zehar ibilarazten duen prozesioak hartzen du garrantzirik gorena. Udalbatzak, 10.00 aldera, musikariez, dantzariez eta kiliki eta erraldoien konpartsaz lagundurik, goiz osoa iraun ohi duen ibilbideari ekiten dio. Iruñea Zaharreko kaleak ibilita, eta meza ospatu ondoren, katedralera bueltatzeko bidean iruindarren artean ezaguna den une bat errepikatzen da urtez urte. Curia kalearen hasieran, alkate andrea txistuz jasotzeko biltzen dira hiritarrak, urteekin ohikoa bihurtu den eszena batean.

«Duintasunez jasaten ditut txistuak», adierazi zion Yolanda Barcinak komunikabide bati. Baina ez du horrelakorik erakutsi, atzokoan berriro agerian geratu zenez.

Iaz, prozesioaren azken tarte hori bertan behera utzi zuen artzapezpikuak, eta ondorioz Barcinak estualdi hori saihestu zuen. Atzokoan, betiko bidea berreskuratzea eta Curiatik pasatzea erabaki zuten prozesioan agintea duten Elizako ordezkariek. Horretarako, hori bai, polizia espainola bidali zuen norbaitek, kalea hartu eta hirita- rren adierazpena galarazi zedin. Herritarrek alkatearentzat prest zituzten txistuak poliziek jaso zituzten lehenago.

Gaur 30 urte betetzen dira Polizia espainolak sanferminak zapuztu zituenetik, German Rodriguez gaztea hil zutelako. Atzokoan polizien presentziak 1978ko sanfermin horien irudia oroitarazi zuen. Bildutako dozenaka herritarren zuri eta gorriaren artean, Poliziaren urdinak egoeraren desegokitasuna agerian uzten zuen. Bertaratutakoek jaiaren aldeko eta Poliziaren aurkako oihuekin erantzun zioten polizien presentziari, hauek, egoera ezohiko eta ia komiko batean, kiliki eta erraldoien artean nahasten ziren bitartean.

Erraldoien eta kilikien ezezkoa

Gezurra badirudi ere, herritarren oihuek presionatu bai, baina poliziek alde egitea, erraldoi eta kilikien konpartsak lortu zuen. Polizia artean igarotzeari uko eginda, soilik herritarren artean pasatzea exijitu zuten Iruñeko erraldoi eta kilikiak eramaten dituztenek.

Horien aldarrikapenak alkatearengana heldu ziren, GARAk baieztatu ahal izan zuenez, eta bileratxo azkarra egin zuen Yolanda Barcinak Udaltzaingoaren buru den Simon Santamariarekin. Bitartean, prozesioa geldirik zegoen eta tentsioa nabaria zen Poliziaren aurrean. Adineko gizon bat oihuka hasi zitzaien, eta bultzaka kendu zuten handik. Beste ehunka lagun kantuan hasi ziren: «Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak». Kaskoen azpitik nabaria zen poliziakideen haserrea.

Hamar minutu inguru joan ziren tirabira horretan. Orduan, antza denez, udaltzainek Curiatik alde egiteko eskatu behar izan zieten polizia espainolei eta, hala, gorako bidea hartu zuten horiek. «Fuera, fuera», «Ni se os quiere ni se os necesita» edo «Que se vayan» izan ziren entzun behar izan zituzten agur-kantak.

Behin alde eginda, kiliki eta erraldoiek bidea ireki zioten udalbatzari. Lehenengoek txaloak jaso zituzten bitartean, Yolanda Barcinak, inguratzen zuten udaltzainen artean ia ezkutatua, bildutakoen txistuak entzun behar izan zituen. Udaltzainek bultzaka alboratu zituzten espaloietan bilduta zeuden ehunka lagunak.

Kiliki batek, ukabila gora, jaien eta herritarren garaipena irudikatu zuen. Prozesioa, era horretan, Katedraleraino heldu zen. Bueltan, berriz ere, kilikiek, erraldoiek eta musikariek bildu zituzten Curia kale inguruko txalo guztiak.

Zinegotzientzako azterketa

Prozesioak Iruñeko zinegotzi guztientzako azterketa bilakatu dira urtez urte, batez ere, funtzio hori betetzen zuen Riau-riau ospatzen ez denetik. Yolanda Barcinak denetarik entzun zuen hiritarren partetik; txaloak hasieran eta San Lorentzo elizara iristerakoan, eta txistu asko Mercaderes eta Curia aldean, hor ere, baten batek, Carlos Salvador UPN-PPko diputatuak kasu, alkateari txaloak eskaintzen bazizkion ere. Mariné Pueyok eta Mikel Gastesik, aldiz, elkartasun seinale ugari hartu zituzten toki horretan.

Ohi bezala, bukaezina egin zitzaien goiza zinegotziei, udaletxetik Katedralera, hortik San Lorentzora, eta gero bueltako bidea. Jende andana zen elizaren inguruan 10.30 aldera, dena ikusteko asmoz.

Jende asko hunkitzen duten bi une izan ziren bide amaigabe horretan. Bata, «momentico» deitzen dutena, hau da, Katedralera iristean erraldoiek egiten duten dantzaldia, kanpai-hotsen artean. Bestetik, Kontseiluko plazan entzuten den jota.

Beste protagonista bat ere bazuen egunak, San Ferminen irudiarekin batera: Francisco Pérez, Iruñeko artzapezpiku berria, lehenbiziko aldiz egun honen elizkizuna egiteko ardura baitzuen. Bereziki «hunkituta» sentitu zela esan zuen Pérezek, bidean familia asko elkartuta ikusi zituela-eta. Bere ustez, horrek etorkizun «itxaropentsua» iragartzen du.

Benedikto XVI. aita santuaren agurra ere helarazi nahi izan zien iruindarrei, duela gutxi harekin egon baitzen eta halaxe agindu baitzion Eliza Katolikoko buru nagusiak.

UDALTZAINA KOLPEKA

Curiatik jaisterakoan, Udaletxeko bidean, egunkari honen argazkilari bati kolpe gogor bat eman zion udaltzain batek, hanka batean. Salatu zuenez, aldez aurretik beste batek argazki-makina kendu nahi izan zion.

«MILITARIZATZEN»

Txupinazoan eta atzokoan gertatutakoa ikusita, sanferminak «militaritzen ari dira», ondorioztatu du Askatasunak. «Interes politiko batzuen alde» jokatzen dutela salatu du eta «giroa ez dezaten berotu» eskatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo