GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Kontsumitzaileen hizkuntza Eskubideen dekretua

Kontseilua: «Egoera arautzeko eta hobetzeko beste aukera bat galdu da»

Alor positiboak antzeman dizkiote, besteren artean, baldintzak betetzeko epeak zehaztea eta neurriak betetzen ez dituztenentzat zigorrak aurreikustea, baina muga esanguratsuak ere bai. Lurralde osoan aplikatuko ez delako, enpresa guztietan ezarriko ez delako, eta zenbait arlotara mugatuko delako, Kontseiluko ordezkariek «eskas» iritzi diote oso, pasa den astean Lakuako Gobernuak onartutako dekretuari, eta aukera on bat galdu dela uste dute.

p004_f02.jpg

GARA | BILBO

Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak egikaritzeko ez da eraginkorra. Horixe ondorioztatu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak pasa den astean Lakuak onartu zuen dekretua aztertu ostean. Are gehiago, «dekretu honekin egoera arautzeko eta hobetzeko aukera» beste behin ere galdu egin dela adierazi zuen atzo egindako agerraldian Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek.

Pasa den astean egindako agerraldian Lakuako ordezkariek azaldu zuten, besteak beste, arau honek zerbitzuak euskaraz eta gaztelaniaz ematera behartzen zituela enpresa eta komertzioak, baina «ez guztiak», eta hortxe dago koska, Kontseiluaren iritziz.

Alde positiboak badituela onartu zuten, eta, zehazki, bi aipatu zituzten esanguratsuen gisa. Alde batetik, behin baino gehiagotan eskatu duten moduan, hizkuntza eskubideak urratzeagatik zigorrak ezartzea. Dena dela, isun horien zenbatekoak ez zehaztu izanak «beren aplikazioa oso zalantzazkoa» egiten duela adierazi zuten. «Azken finean zigor teorikoak besterik ez dira izango», nabarmendu zuten.

Begi onez hartu dute, era berean, dekretuak arauak betetzeko epe zehatzak finkatzea: «Enpresak egokitzeko epea beharrezkoa da, ez dugu inoiz kritikatuko epe luze bat hautatzea, bai, ordea, epe gabe aritzea, horrela ez baita ziurtatzen progresibotasuna».

Abantailak nabarmendu arren, zuzendu beharrekoak ere aipatu zituzten agerraldian. Kontseiluaren iritziz, «Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak Vascuencearen Legean bezala, lurraldearen zonifikazioaren alde egin du dekretu honetan, euskaldunon hizkuntza eskubideak arauz urratzeko bidea ezarriz». Izan ere, dekretua ez da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan aplikatuko, elebidun tasa %33tik gorakoa duten udalerrietan eta hiriburuetan baizik. Hein horretan, gogora ekarri zuten Lakuak argitaratutako inkesta soziolinguistikoaren arabera, EAEko elebidun tasa %31,1ekoa dela, dekretua betetzeko ezarritakoa baino txikiagoa. «Nola da posible EAEko elebidun tasa baino handiagoa izatea gutxienekoa?», galdetu zuten. Gainera, aipatu zuten batez bestekoa altuagoa bada ere, Bizkaian elebidunen tasa %23koa dela eta Araban berriz, %14koa. «Non aplikatuko da dekretua, beraz?».

Kontseiluaren aburuz, gisa horretako arauak, gainera, hizkuntza komunitateak presentzia duen gune administratibo guz- tietan aplikatu behar dira, «beraz, EAEn udalerri guztietan». Hala eta guztiz ere, zehaztu zuten nabarmentzekoa dela «hizkuntza gutxitu baten kasuan ezagutza tasak ez duela haren lurraldea definitzen».

Dekretuak bere aplikaziorako zehazten dituen enpresa-tamainak ere kritikatu zituzten. Beraien ustez, tamaina-irizpideak ez du eskubidea bermatzeko unean muga izan behar, eta «dekretuak enpresa guztiei, merkataritzakoei barne», eragin beharko liekeela adierazi zuten. «Egokitzeko zailtasun handiagoak dituztenek laguntza gehiago jaso behar dute eta epe handiago eskaini behar zaie dagozkien helburuetara iristeko».

Hizkuntza eskubideak gainera, kontsumitzaile euskaldun guztiei eta jarduera ekonomiko guztietan bermatu behar zaizkiela gaineratu zuten. Lakuaren dekretua, ordea, batez ere, garraioaz, telefonia enpresez, energia hornitzaileez eta zentro handiez ari da, «gainerakoak kanpoan utziz». Kontseiluko kideen esanetan, besteren artean, arreta berezia eskaini behar zaie gai arriskutsuei: «Lehentasun berezia eskaini behar zaie gai arriskutsuei eta botikei, herritarrengan izan dezaketen eraginarengatik», azpimarratu zuen ildo politikoko arduradunak, Iñaki Lasak.

Halaber, etiketen gaia guztiz kanpo uztea kritikagarritzat jo zuten. Agerraldian azaldu zutenez, Euskal Herrian salerosten diren produktu eta zerbitzu guztiei aplikatu behar zaie euskaraz etiketatzeko araua,«horixe da, hain zuzen ere, Bartzelonako adierazpenaren 50.2 arti- kuluak adierazten duena».

Baina baldintza horiek ez dira betetzen eta hala dela azaleratu du Kontseiluak alor desberdinetan egindako azterketetan. «Bost azterketa egin ditugu jada eta guztiek emaitza bera erakusten digute: enpresa gehienak gutxieneko zerbitzuak ere ez dituzte euskaraz eskaintzen, bereziki etiketen alorrean».

Ez da honakoa Kontseiluak erabiltzaileen eskubideen gainean egindako lehen kexa-zerrenda. Iaz ere ikerketa bat kaleratu zuten, eta babeserako beharrezkoak diren neurriak zehaztu. Behatokiak ere, «Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak Euskal Herrian» izenburuko txosten berezia kaleratu zuen gai honen gainekoak azaltzeko; izan ere, urtetik urtera «Euskararen telefonoa»n jasotzen dituzten kexak gero eta gehiago dira.

helegitea

Aurretik ere mintzatu ziren Kontseiluko kideak arau honen aurka helegite bat aurkezteko aukeraz; behin neurria plazaratu ostean, beraien abokatuak berriz ari dira bide hori aztertzen.

Euskal Herrian saltzen diren ur botilek, euskaraz gutxi

Kontseiluak Euskal Herrian saltzen diren ur botilen etiketak izan ditu aztergai bere azken azterketan. «Euskal Herrian botilan saltzen den ura, oro har, ez da euskalduna», horixe da ikerketa lan honetako ondorio nagusia.

Euskal Herrian ekoizten diren uren gainean esan zuten, batek ere ez duela bere etiketa euskara hutsean agertzen. Webguneei dagokienez ere beste horrenbeste esan zuten, euskarak duen presentzia oso eskasa dela, alegia.

Ildo horretan, honakoa gaineratu zuten: «Euskal Herrian ekoizten direnek euskaraz ezer gutxi badakarte, are eta eskasagoa da egoera, kanpotik ekartzen diren ur botilei begira».

Ur botilen kasuan, beste produktu batzuekin gertatzen den moduan, «ez da Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala errespetatzen». Kontseiluko kideek gogora ekarri zutenez, «hizkuntza komunitate propioaren lurraldean gizaki orok eskubidea dauka bere hizkuntzan informazio osoa izateko idatziz zein ahoz, lurraldean finkatutako merkataritza-establezimenduek eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuen gainean, hala nola erabiltzeko jarraibideen, etiketen, osagai-zerrenden, publizitatearen, bermeen eta gainerakoen gainean».

Hori dela-eta, gogor kritikatu zuten «Consumer» aldizkarian kaleratutako lan batean jasotakoa. Aldizkari horretan Euskal Herrian merkaturatzen den ur marka bat modu negatiboan baloratu dute etiketan osagai kimikoak euskara hutsean jartzeagatik. «Zigortzekoa kontsumo aldizkari honen jarrera da, informazio bat euskara hutsean emateagatik gutxietsi egin du eta ez du, aldiz, marka bat ere zigortu gaztelania hutsean etiketatzeagatik».

«Etiketetan dagoen informazioa gure hizkuntzan jasotzeko eskubiderik gabe jarraitzen dugu, eta eskubiderik gabe esaten dut, adierazpen unibertsalak aitortzen duelako hori eskubidea dela», azaldu zuen Iñaki Lasak. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo