GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen dekretua

«Gure arduradunen epelkeriak eragiten du areago ez joatea, eta horrek kezkatzen gaitu»

 
Iñaki Lasa
kontseiluko ildo politikoko arduraduna

Sakon aztertu du pasa den astean Lakuak onartutako dekretua, eta aurrera egin eta behingoz euskaldunen hizkuntza eskubideak berma daitezen corpus juridiko bat sortzeko aukera galdu delako kezkatuta agertu da.

Aukera bat galdu dela adierazi duzue, hain mugatua al da?

Bai oso mugatua da. Aurkeztu zutenean adierazi zuten dekretu honen bitartez lortu nahi zutela hizkuntza eskubideak bermatzea, eta dekretua bera hartu, eta nola egituratuta dagoen aztertuz gero, berehala konturatzen zara etengabe artaziak sartzen direla alor guztietan. Soilik tamaina jakin bateko enpresak aukeratzen dira, kanpoan utzita enpresa asko; hizkuntza eskubideak gune guztietan ere ez dira bermatuko. Gainera, hizkuntza eskubideak bermatzeaz hitz egiten du, baina hizkuntza eskubide asko kanpoan uzten ditu, besteren artean, etiketen gaia eta publizitatearen gaia. Oso hanka-motz geratu da.

Ez gara oso urrutira helduko, beraz.

Dagoeneko ia bermatuta zegoena arautzen da. Eskatzen dena errealitatetik gertu dago eta iruditzen zaigu hori dela Eusko Jaurlaritzaren beste ezaugarri bat, ez du legeztatzen egoerak egokitzeko, egiten du legeztatu existitzen den egoera bat, irauteko, eta hizkuntza kontuetan ez da horrela jokatu behar, beste batzuen artean, eskubideak daudelako tartean.

Euskara arloko eragileei ez die jaramonik egin.

Ez Kontseilua, ez Kontseilua osatzen duen inor ez dute kontsultatu. Baina, hala eta guztiz ere, bi zirriborro eskuratu genituen eta gure ekarpenak egin genituen. Ez dute guk esandako ezer kontuan hartu, eta iruditzen zaigu hizkuntza eskubideak bermatu baino, hutsunez betetako dekretua sortu dutela. Hein horretan, aukera bat galdu dela iruditzen zaigu; izan bagenuen aukera alor sozioekonomikoan pausoak emateko, baina ez da egin, eta neurri handian, arduradun politikoak koldartuta daudelako, oso baldintzatuak politikoki.

Zer iritzi duzue dekretua «gehiegizkotzat» jo duten adierazpenen gainean?

Euskararen normalizazioaren alorrean, herri honetan eta herri hau definitzen duten beste elementu batzuetan gertatzen den bezala, errealitateari kasurik egin ez eta errealitate birtual bat eraikitzen da ideia jakin batzuk transmititzeko. Honekin gauza bera gertatzen da. Gaztelania baztertu nahi dela esaten denean, argi eta garbi ikusten dugu pertsona horiek ez direla bizi Euskal Herrian. Euskal Herrian gaur egun ez dago inolako arazorik edozein dendetan gaztelaniaz edo frantsesez erosteko edota behar duzun informazioa lortzeko; eta hori frogagarria da. Baina ez dugu galdu nahi segundo bat bera ere Euskal Herriko edonork egiazta dezakeen egoera halakoa dela esaten, gure zeregina beste bat da: behingoz, hizkuntza eskubideen bermea ekarriko duen corpus juridiko bat eskatzea. Ez dugu eztabaida antzuetan sartu nahi, areago kezkatzen gaitu gure agintarien epeltasunak. Askoz ere gehiago eragiten diete Madriletik egiten diren adierazpenek benetan hizkuntza eskubideen errealitate gordinak berak baino, eta horrek ematen digu tristura berezia.

Hori hizkuntza arloko beste gai batzuetan ere agerikoa da...

Bai, dagoeneko behar genuen hezkuntza-ereduen erreforma bat mahai gainean, baina ez da egin halakorik. Zergatik ez du Eusko Jaurlaritzak behar duen adorea esateko hezkuntza sistemak ez duela lortzen %100 euskalduntzea, eta eraberritu egin behar dela? Izugarrizko izua diete matxinatu diren guraso horiei, eta horregatik uzten dute bazterrean, zer eta neska-mutil guztiek bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko duten eskubidea, legez aitortuta dagoen eskubidea. Arrazoi tekniko-pedagogikorik ez, arrazoi politikoak daude tartean.

M.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo