PSOEren biltzarra, Euskal Herriaz esaten duenaren eta egiten duenaren arteko aldea
Ez da harrigarria, ezta kontu berria ere, PSOEk asteburuan egin duen biltzarrean onartu dituen erabakien artean ETA desagerrarazteko bide poliziala eta nazioarteko lankidetza aldarrikatzen duena onartu izana, aurreko biltzarrean ere erabaki bera onartu baitzuen, ondoren negoziazio prozesu bati ekiteko eragozpena izan ez arren, baina asteburuko biltzarrean horri buruz ez zuten txintik ere esan. Oraingoan, ohiko aldarrikapenekin batera, «amaraun hori osatzen» dutenen ekintza politikoa galaraziko dutela iragarri dute, eta euskal herritar gehienek dakitenez, apartheid politikoari eusteko asmoa da hori; areago, «azken hariraino eramateko asmoa». Eta biltzarretako erabakien eta praktika politikoaren arteko aldearen erakusgarri da alderdi horren autonomia eta hizkuntza politika, Euskal Herriari dagokionez, behinik behin. Izan ere, 37. biltzar horretako erabakiek «benetako elebitasunaren» alde egin dute eta, ondorioz, irakasbide den hizkuntza tokikoa izatea babesten dute, ikasleek bi hizkuntzak ondo jakin ditzaten. Katalanari dagokionez, esandako aldea ez da oso handia, baina Hego Euskal Herrian PSEk eta PSNk asteburuko biltzarreko erabakien kontrako jarrera agertu ohi dute.