GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Goierriko AHT Gelditu taldeak mobilizatzeko deia egin die herritarrei

AHTren Ordizia-Itsasondo zatiko aktak idazteko asmoaren aurrean, Goierriko AHT Gelditu Elkarlanak eta eskualdeko hainbat zinegotzik protesta ekintzetan parte hartzera animatu zituzten herritarrak. Lakuari eta Gobernu espainolari, aldiz, azpiegitura bertan behera uzteko eskatu zieten, baita garraio ereduari buruzko eztabaida sakonari ekiteko ere. Ordiziako eta Beasaingo alkateei, aktak idaztekotan, lurjabeen sailetan egiteko esan zieten.

GARA |

Abiadura Handiko Trenaren Ordizia-Itsasondo zatiko aktak idazteko asmoa dute bihar Donostian, Gobernu espainolaren Gipuzkoako Ordezkaritzan. Eta horren aitzinean hainbat salaketa egin zituzten atzo Goierriko zinegotzi talde batek eta AHT Gelditu Elkarlanak.

Berez udaletan idaztekotan ziren aktak Gobernuaren Ordezkaritzan egitean, udalen eskumenak ez ezik, lurjabeen eskubideak ere zapaltzen dituztela kritikatu zuten. Horregatik, honakoa eskatu zieten sinatzeko asmoa azaldu duten Ordiziako eta Beasaingo alkateei: gutxienez, beren udaletxetan eta, batez ere, lurjabeen sailetan egiteko bidea irekitzeko, beren udalerrietako lurjabeen eskubideak bermatzeko pauso bat izan dadin.

Bestalde, Lakuak lurjabeekin, udalekin eta herritarrekin duen jarrera salatu zuten. Izan ere, «badirudi obrak nola edo hala martxan jartzeko presak oinarrizko hainbat kontu baztertzera eraman dituela». Adibidez, Beasainen eta Legorretan lurjabe batzuek ez dakite oraindik baserria botako dieten edota trenbidetik metro gutxira bizitzen utziko dieten.

Arrazoi horiengatik eta beste askorengatik, azpiegitura bertan behera uzteko eta eztabaida irekitzeko eskatu zieten Lakuari eta Gobernu espainolari. Herritarrei, berriz, mobilizatzeko deia egin zieten: 10.00etan Gobernuaren Ordezkaritzan eta 19.00etan Ordiziako Jakes etxearen parean, Barrenan.

Goierriko AHT Gelditu-k eta zinegotziek egoeraren azterketa egin zuten herriz herri. Adibidez, Itsasondon, 2006ko abenduaren 3an herritarrek Euskal Herria zeharkatuko lukeen azpiegitura erraldoiari ezezko borobila eman ziotela ekarri zuten gogora. Horren ondorioz, udalak erabaki irmoa hartu zuen AHT gelditzeko bidean lan egiteko. Gobernu espainolak eta Lakuak, aldiz, «herritarrei galdetzeko aukera erabat baztertuta, ez dituzte gure arrazoiak eta argumentuak entzun ere egin nahi izan. Horren adibide, AHTren Ordizia-Itsasondo zatiko lanari udalak jarritako azken helegiteari emandako erantzuna: dena lotuta dago eta hau, guztiaren gainetik, aurrera doa».

Ordiziako Udalak ere «jarrera erabat ezegokia» izan duela salatu zuten. «Udal ordezkariak ez dira gauza izan egin zaizkien galderak erantzuteko, edota ez dute nahi izan. Gaiarekin interesik apenas erakutsi dute, edota, hobeto esan, desinteres interesatua erakutsi dute», adierazi zuten plataformako kideek eta Goierriko zinegotziek.

Jakinarazi zutenez, Ordiziako Udala ez da «ezkutaketan ibili den bakarra; Beasaingo alkateak berak joan den osteguneko udalbatzan esan zuenez, `ia ziur' dago Ordizia-Itsasondo zatiko lurrentzat hondakindegia ez dutela Erauskin auzoan egingo». «Nola liteke desjabetzeak burutzeko azken tramitea den akten idazketa hemendik bi egunera egin nahi izatea, eta oraindik lur kopuru izugarri hori nora eramango duten argi ez edukitzea?», galdetu zuten.

Lotu gabe

Esan zutenez, AHT egiteko 33 milioi metro kubiko lur atera beharko lituzkete, eta nonbaitera eraman. «Obrak hasita badituzte ere, badirudi horrelako `xehetasunak' ez dituztela oraindik lotu», salatu zuten.

«herri afektatuak»

Olaberria ez da «herri afektatu» gisa katalogatzen; Lazkao ere ez. «Goierri alderik alde zeharkatuko duen azpiegitura gauzatzeak bizilagun guztien bizimoduan eragingo du, ordea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo