GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskarazko tokiko prentsaren aldeko apustua egin dute Behe Bidasoan

GARA |

Behe Bidasoa eskualdeko 60 bat kazetarik, musikarik, artistak eta euskalgintzako eragilek eskualderako komunikazio egitasmo berri bat sortzeko apustua egin dute. Adostutako ekintzen artean, euskarazko komunikazio euskarri bat martxan paratzea aipatu dute, eskualdeko izaera izanen duena.

Beren esanetan, urteotan urrats garrantzitsuak eman dituzte; hor daude, adibidez, «Berria», Antxeta Irratia eta bidasoamedia.info webgunea. Baina gabeziak ere nabarmendu dituzte eta, «erdarazko komunikabideen atzetik ibili nahi ezean», epe laburrean pauso gehiago egin behar dituztelakoan daude.

Hein horretan, euskarazko komunikazio proiektu egoki bat bideratzeko, zenbait irizpide betetzeko prest agertu dira. Hainbat eragilek manifestu bat sinatu dute, «Behe Bidasoako euskarazko tokiko prentsaren alde» izenekoa, eta bertan finkatu dituzte ildo horiek.

Ildoak

Manifestuaren sustatzaileen eta sinatzaileen arabera, independentea, anitza, eskualdekoa eta euskarazko komunikazioa bideratzeko sortua izan behar du proiektuak. Gainera, «Berria», Hamaika Telebista, Antxeta Irratia eta bidasoamedia.info erreferentzia izanen dituzte ezinbestean, «eskualde honetan euskaraz, ikuspegi globalarekin eta erakundeetatik eta alderdi politikoetatik independente izanik lanean ari diren komunikazio proiektuak» direlako.

Sinatzaileen artean daude Amets Arzallus bertsolari eta kazetaria, Ane Muñoz zinemagilea, Aritz Galarraga EHUko irakaslea, Fermin Muguruza musikaria, Jose Luis Aizpuru Euskal Irratiak Federazioko kidea eta Ainhara Zuazabeitia Euskadi Irratiko kazetaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo