GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Disko Berriak Aritz Sound System

Musikaren militanteak

p050_f01_32x32.jpg

Ekintzak hitzak baino ozenago mintzo dira. Euskal Herrian -eta mundu osoan, zorionez- asko dira musikaren militanteak. Musika, negozio baino, ideiak eta sentimenduak zabaltzeko tresna dute eta, ahal den neurrian, gizartean iraultza bultzatzeko bitartekoa. Hedabide handiek ez diete arretarik eskaini nahi, jakina, eta ahoz aho egiten dira ezagunak. Bad Sound System kolektiboko lagunak musikaren militante-maitale sutsuak dira. Urteetan zabaldu dituzte gustuko doinuak (reggae, rap, etab.) Euskal Herri zein kanpoko txoko desberdinetan.

Jamaikako sound systemak eredu hartuta, kalea aldarrikatzen dute. Pribatizazio eta debekurako joera duten erakundeen aurrean, «espazio publikoaren okupazio eta askapena» aldarrikatzen dute. «Buiaka» (Kontrakalea-Metak, 2004) izan zen lehenengo diskoa, zuzenean grabatua eta reggae riddimen gainean abestutako kantuekin osatua. «Kalean» izeneko bigarren disko honetan, berriz, izugarrizko aurrerapausoa eman dute eta, musikari dagokionez, Bad Sound System zein lagunek osatutako erritmoen gainean osatu dituzte kantuak. Auzoko Gaizka Pereda, Ask, Dj Loro, Dj Mau, Ras Miguel edo Fermin Muguruza eta nazioarteko Rude (Bologna), Hugo Spartak Dub Command (Paris), Chalart 58 (Katalunia) edo Mungos Hi-Fi (Eskozia) lagunen doinuekin. Ahotsetan, berriz, Masta, Kenitra eta Brujorekin batera, Sorkun, Fermin, Benas, Ask edo Rude. Autogestioa eta independentziaren aldeko apustu duina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo