GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Bruce Springsteen-ek «norbait bizirik baden» galdetuko du Donostian

Rockaren historian txoko propioa egina du honezkero Bruce Springsteenek. Duela hogeita hamabost urte plazaratu zuen aurreneko lana eta iaz azkena, «Magic» izeneko disko goraipatua. Bira erraldoi batean murgildua dago orain eta bere zuzeneko indartsu eta trinkoa, «norbait bizirik baden hor kanpoan» oihukatuz hasten duena, Donostiara helduko da datorren asteartean. Anoetan ikusi nahi duenak bizkor ibili beharko du gainera, azken sarrerak lortzeko.

p046_f01_250x128.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Joan zen urte bukaeran, azaroaren 26an, Barakaldon emandako kontzertuarekin egin zuen debuta gurean Bruce Springsteen estatubatuarrak, eta bueltan etorriko da orain «Magic» azken lana Donostian aurkezteko asmoz. Rockzalea izan beharrik ez dago Bruce Springsteen ezagutzeko, mundu mailako izar handia baita. Bere musika eta jardunaren benetakotasuna du ikur -batek baino gehiagok barre egingo duen arren-, eta hustu egiten da ematen duen zuzeneko bakoitzean. Hori da zaleek eskatu eta miresten dutena eta, azken agerraldiak kontuan izanda, datorren asteartean, uztailak 15, Anoeta estadioan biziko dutena.

Freehold-en, New Jersey (AEB), 1949an jaio zen artistak 60 urte beteko ditu bi irail barru eta sasoi betean dago egun. Nerabe zelarik lehenengo gitarra erosi eta laster hasi zen musika egin eta rock taldeetan kantatzen, 1973an «Greetings from Asbury Park» bakarkako lehenengo lana plazaratu eta 1975eko «Born to run» ospetsuarekin arrakasta erdietsi zuen arte. Harrezkero, bere horretan jarraitzen du gaur egun oraindik.

Azken urteetan ohiko bideetatik kanpo ere egin izan du lan bat edo beste, Pete Seeger-en omenez 2006an argitaratu zuen «We Shall Overcome: The Seeger Sessions» folk disko goraipatua eta segida eman zion «Live in Dublin» zuzeneko lana, kasu. Gero, ohiko moldeetara itzuli eta «Magic» plazaratu zuen 2007ko urriaren 2an, egun aurkezgai duena. Baziren bost urte Springsteenek E Street Band laguntzaileekin estudioko lan berri bat grabatzen ez zuena eta, espero zitekeen bezala, ez-ohiko zirrara eta goraipamenez jaso zuten zaleek duina izan arren batzuk esan duten bezain bikaina ez den lana, dagoeneko milioi bat kopia salduak dituen arren. Estudioko lan, zuzeneko zein bilduma, hogeita sei disko plazaratu eta hirurogei milioi aletik gora ditu salduak rockaren langile aberastuak.

«Magic»-ek rock indartsurako buelta ekarri du «Radio Nowhere» singleak gidatutako hamaika kantaren bidez. Atlantako Southern Tracks estudioetan grabatu zuten eta, besteak beste, Bob Dylan, The Offspring, Pearl Jam edo AC/DC taldeekin lan egindakoa den Brendan O´Brien arduratu zen ekoizpen eta nahasketa lanez.

Columbia disko etxeak zuzeneko biran grabatutako kantak plazaratzeko asmoa ere iragarri du. Donostiako kontzertuaren egunean bertan, uztailaren 15ean, argitaratuko dute «Magic Tour Highlights» eta Internet bidez, modu digitalean, baino ezin izango da eskuratu. Bertan, lau kanta aurki daitezke, lau lagunekin martxo eta apiril aldera data ezberdinetan grabatuak. Lehenengoa «Always A Friend», Texas-en grabatua dago, Alejandro Escovedo-ren laguntzarekin. «The Ghost of Tom Joad», Tom Morello-rekin Kalifornian, eta «Turn Turn Turn», berriz, Roger McGuinn-ekin, Floridan. Azken kanta, «4th Of July, Asbury Park (Sandy)», izango da ziur asko hunkigarriena, eritasun larria zuen Danny Federici musikari eta lagunak E Street Bandekin eman zuen zendu aurreko azken kontzertukoa baita, martxoaren 20koa. Kanta bakoitzak, jakina, bere bideoa ere izango du ikusgai -soinuaz Bob Clearmountain arduratu da eta irudiez, berriz, Thom Zimny-, eta bertatik ateratako etekinak aipatutako teklatu-jotzaile finak sortu zuen fundazioarentzat, The Danny Federici Melanoma Fundation, izango dira.

Lan hauez gainera, eta iaz estreinakoz Euskal Herrian erakutsi zigun moduan, zalantzarik gabe, zuzenean ageri duen grina da Springsteen izar bihurtu eta arrakasta eta ospea eman diona.

«Magic Tour 2008»

Mundu mailako bira erraldoi batean murgildua dabil egun estatubatuarra, «Magic» azken lana han eta hemen joz. Kanadan luze jardun ostean Europaratu eta Dublinen eman zuen lehenengo kontzertua, maiatzaren 22an. Egunotan Eskandinavia aldean dabil -bihar Helsinkin jotzekoa da- eta, Donostia zapaldu ostean, uztailaren 20an, Bartzelonan bukatzekoa. Gero bere herrira, AEBetara, itzuliko da ostera ere.

Kantutegi zabal eta aberats baten jabe, Springsteenek gauero aldatu ohi du kontzertuetako set list edo kanta zerrenda eta joan den astean Oslon eman zituen bi zuzenekoetan -hiru ordu eta hogeita zortzi kanta!-, esaterako, hamazazpi kanta ezberdin jo zituen eta, bira honetan lehenengoz, «Drive all Night», «The River» diskoan agertu eta 1981eko biratik zuzenean eman gabe zuena.

Suedian entzundakoaren arabera, harrigarriro, «Magic» azken laneko lau kanta baino ez ditu jo gauero azken zuzenekoetan, eta azkenekoan ezta bira honetako kontzertuak zabaltzeko erabili izan duen «Radio Nowhere» singlea ere, «hor kanpoan norbait bizirik baden» galdetu ostean jotzen duena.

Zuzenekoa etxeko lasaitasun eta freskuran entzun nahi duenari ere argituko diogu trikimailutxo bat. Ordaineko Sirius irrati kateak, satelite eta Internet bidez, oso-osorik eta egunean hogeita lau orduz Springsteeni eskainitako kanal bat du, «E Street radio» izenekoa, inoiz artista estatubatuarrak ematen dituen zuzeneko kontzertuen atal hautatuak emititzen dituena, izarraren eta musikarien elkarrizketekin txandakatuz. Ez dakigu Donostiako zuzenekoaren berri emango duten, baina froga egitea besterik ez dago, ordainekoa den arren, irrati kateak froga gisa doaneko hiru egun eskaintzen baititu sareko atarian. Jakin-min aseezina duzuenontzat, berriz, www.pointblackmag.com atariak rock izarraren gaineko informazio eguneratua eskaintzen du.

Iaz Rolling Stones britainiarren bisita jaso ostean, Anoeta estadioan rockak bizirik duen izarrik handienetakoa ikusi nahi duenak badu oraindik ere azken aukera. Izan ere, nahiz eta hasieran sarrera guztiak atoan ahitu ziren, agertokiaren egokitzapenak toki libreak utzi dituenez, antolakuntzak sarrera gehiago jarri ditu salgai eta, pistakoak dagoeneko ahitu badira ere, oraindik eskuragarri dira jesarlekuetakoak 80 eta 84 eurotan (banaketa gastuak kontuan izanda). Sarrerak Internet bidez eskura daitezke www.ticktackticket.com atarian, eta baita telefonoz ere, 902 15 00 25 zenbakira azkar deituz gero.

Kontzertua 22.00etarako iragarrita dago, baina New Jersey-koa lehenengo lerroetatik ikusi nahi duenak Anoetako ateetan egon beharko luke 18.30ean, ateak irekitzen direnerako. Bestalde, Eusko Trenek, zaleak etxera onik irits daitezen, gauean garraio zerbitzu bereziak jarriko dituela iragarri du, Hendaia (1.22ra arte), Lasarte (2.04ra arte) eta Zumaia (00.52ra arte) dutela helmuga.

SARRERAK SALGAI

Hasiera batean salmentara ateratako sarrerak bizkor saldu baziren ere, agertokia kokatu eta egokitu ostean aretoari tokia irabazi eta sarrera gehiago atera dituzte plazara, oraindik eskuragai daudenak.

La poderosa E Street Band alumbra de magia el sonido de los más grandes

En los altares del Olimpo del rock la E Street Band ocupa, por merecimiento, un lugar propio, labrado durante décadas de energía encima de los escenarios. La banda, fundamental en la elevación musical de Bruce Springsteen -aunque entre 1988 y 1999 trabajaron por separado-, está en activo desde 1974 y, además de con el de New Jersey, ha trabajado, por separado o como conjunto, con un elenco de grandes artistas como Bob Dylan, Meat Loaf, Bonnie Tyler, Dire Straits, David Bowie, Peter Gabriel, Sting, Ian Hunter, Ringo Starr, Ronnie Spector, Gary U.S. Bonds, Darlene Love, Southside Johnny, Santana, Lucinda Williams, Steve Earle, Emmylou Harris, Tracy Chapman o Aretha Franklin.

El martes acompañarán por enésima vez a Bruce Springsteen en Donostia, con la lamentable baja del acordeonista y teclista Danny Federici quien, largamente enfermo de cáncer, falleció el 17 de abril del presente año.

El teclista tampoco tocó en la cita de Barakaldo, pero sí sus inseparables compañeros. El «the big man» Clarence Clemons, con poca movilidad y dosificando sus potentes apariciones al saxofón, y el gesticulante guitarrista Steven Van Zandt, cómplice de Bruce y quizás el más carismático y enérgico de la E Street. También a la guitarra, el talentoso Nils Lofgren y al violín, Soozie Tyrell (en vez de la mujer del jefe, Patti Scialfa). La impresionante sección rítmica destaca con el sobrio Garry Tallent, incansable al bajo, y la pegada seca del impertérrito Max Weinberg, espectacular en su anterior visita a Euskal Herria. Completan la formación Roy Bittan, parapetado tras el piano y el discreto sustituto de Danny, Charles Giordano.

Una banda de ensueño para que la noche de Anoeta tiemble con el rock & roll de Bruce Springsteen. A. BILBAO

ZUZENEKO SUTSUA

Oso estimatua da estatubatuarrak jotzean ohiz agertzen duen grina. Ia hiru orduko zuzenekoak eman eta hustutzera ohitua, talde bikaina du zeregin horretarako, E Street Band indartsu eta mirestua.

«MAGIC» DISKOA

Artistaren orain arteko azken diskoak, «Magic» izenekoak alegia, laudorio ugari jaso eta salmenta onak eragingo ditu, egia esateko bere diskografia osoan lan bikainenen artean sartzea ez badu lortuko ere.

Fitxa

Data: Asteartea, uztailak 15.

Lekua: Anoeta estadioa. (Donostia).

Ordua: Ate irekitzea 18.30ean. Zuzenekoa 22.00etan.

Sarrera: Pista eta lehenengo harmaila, 61 euro (ahituak). Bigarren harmaila 71 euro eta hirugarrena 75 euro,

(+ banaketa gastuak).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo