Zuzenekoetara begira. Krisiaren eztenkaden gordinkeria
Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea
Estreinakoz, salmenta txikiak errentagarriak izaten ari omen dira enpresa eta talde multimedia eta multinazionalentzat. Batez ere, multiek norberaren gustura eta neurrira eskatutakoa (musika, telebista...) lortzeko erraztasunak emango dituzte, eta horri onura ateratzen ari dira. Multiek ez dute bakarrik gehiengoaren nahaia asetuko. Negozio txikiagoetan sartzeko aukera izango dute, enpresa handiak txiki bihur daitezkeelako. Egokitze prozesua ez da hain gaitza multientzak, horretara badoaz eta nahi badute, bederen. Baina enpresa txikiak ezin dira handi bihurtu. Txiki guztiei gustatuko litzaieke handi izatea (salbuspenak ere badira) eta negozio handietara iristea; errealitatea, ordea, beste bat da. Txikiek negozio txikiak biderkatzea baino ez dute, eta handik eta hemendik lortutako mozkinekin irautea. Euskal Herriko musika mailako enpresarik handiena oso txikia da multiekin alderatuta, baina txikitasun hori askok hartuko lukete Euskal Herrian; erlatibitatearen legea lege da. Multiek esango digute «euskara ez dela negozio gisa ikusi behar», negozio apurrak baino zuloak eragiten dituelako. Baina lelo hori «salduko» digute benetako negozioan koska indartsuagoa egiteko. Hemengo industriak apurrak biltzea baino ez du Euskal Herriko maparen mugak txikiak baitira, baina apur horiek pilatuta baten bat handi izatera eraman du. Disko-katalogo sendo eta handiari etekinak ateratzeko errazagoa izaten da. Ikusirik diskoaren salmenta zer-nolako zuloan dagoen sartuta (eta ez da aterako), beste saltoki batzuen bila dabil (iTunes, mugikorretako real tones eta kantuen salmenta). Hortik, txakur-txikiak atera daitezke, diru xehea disko bakoitzeko, baina errepertorio luzea eta lehenengo mailakoa izanez, txanpon xirimiriak busti egiten du. Dena den, Euskal Herrian ez dago behar beste kantutegirik horri etekin ekonomiko nahikoa ateratzeko. Diskoa eta bere euskarri desberdinak hilik daude salmetari dagokionez. Biniloa goraka doa, baina ez du ezer salbatuko. Diskoa ez da diru iturri zuzena izango. Diskoak emango dituen etekinak zeharkakoak izango dira. Talde eta artisten zuzenekoek aurkezpen-gutunak izatea baino ez dute helburu. Diskoa eta barruan daraman musika bizirik mantenduko dira, eta kontzertuetan begia jarri duten azkenek zailtasun biderkatuak izango dituzte. Azpiegitura berriak eraiki behar eta artista interesgarrienak eta diru egileak atxiki. Denborak ez du ezer egiten, ekintzek egiten dute.