GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Leganéseko erraldoiak izango dira Errenteriako Madalena jaietan

Janire ARRONDO |

Landare Elkarteak antolatuta, erraldoi eta buruhandien topaketen XI. edizioa izango da, aurten, Oreretako Madalena jaietan. Gonbidatu berezi gisa, gainera, Leganéseko (Madril) konpartsa bat izango da, «oso interesgarria eta arrakasta handikoa». Egitarau bete-betea antolatu dute uztailaren 25erako kanpoko eta bertako erraldoi eta buruhandiekin.

Elkartearen helburu nagusia «festa ikusgarria antolatzea» da, eta, horrez gain, hainbat lekutako kulturak elkartzea. Hori dela eta, aurtengoan Euskal Herrian sekula izan ez den Leganéseko konpartsa ekartzea erabaki dute. «Irudi ikusgarriak, bereziak» dituzte Leganéseko konpartsan, eta horrek «kolorea emango dio» Oreretako jaiari. Gainera, «arreta bereganatuko zuen konpartsa» izatea nahi zuten antolatzaileek, eta hori «bete-betean lortuko dute madrildarrek».

Leganéseko konpartsa horretako pertsonaiak beren herriaren sorrera azaltzen duen kondairan oinarritutakoak dira. Arrakasta handia lortu dute orain arte izandako lekuetan Gaiak herensugeak, Oceanok eta Cronok, beste batzuen artean.

Ohiko gonbidatuak ere bertan

60 kilo inguru pisatzen duten irudiak dira Leganésekoak, Orereta eta inguruetakoak baino hamabost bat kilo gehiago. garaieraz, ordea, hemengoak baino txikiagoak dira, 2 eta 3,5 metro artean neurtzen dute.

Hori guztia gauzatzeko «ezinbestekoa izan da Oreretako Udalarekin egindako elkarlana, bai eta zortzi urtean mugitu gabe egon den aurrekontua igotzea ere». Aurreko urtean ere, konpartsa hori bera ekarri nahi izan zuten, baina ez zuten horretarako baliabide nahikorik. Horregatik, kultura zinegotziari egin duen lana eta azaldutako borondatea eskertu nahi izan diote Landare Elkarteko kideek.

Leganéseko konpartsa horretaz gain, Lezoko eta Urnietako erraldoiak ere bertan izango dira. Urnietarrek gainera, Oreretan jada ezagunak diren Mari eta Basajaun ekarriko dituzte, baina, baita Ilargi eta Ekhi, irudi berriak ere. Bestetik, Oreretako Maialen eta Xanti ere, bertan izango dira. Gonbidatu gisa, berriz, aurtengoan ere, Pontika eta Galtzaraborda auzoetako erraldoiak izango dituzte.

Eskulangintzaren alde

Ohikoak dira herri eta hirietako jaietan erraldoi eta buruhandien kalejirak. Eta, era berean, ohikoa da toki bateko eta besteko irudiak berdinak izatea; katean, era industrialean egindakoak izaten baitira. Landare Elkarteko kideek ordea, «eskuz egindako eta beren historia gordetzen duten» erraldoi edo buruhandien garrantzia nabarmendu nahi izan dute. Haien ustez, irudi bakoitzak «bakarra izan behar luke».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo