GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Lazkano anderea, hau bai dela latza

Batzuetan, egun soil batean, herri bateko gatazka era argian azaltzen duen gertakarien bilduma ematen da. Euskal gatazkari dagokionez, atzokoa horrelakoxe eguna izan zen, hein batean. Alde batetik, Auzitegi Nazionalak 2000. urtea baino lehenagotik ETAko kideen izenak dituzten kaleak bere horretan uztea delitua ez dela argitu zuen. Bestetik, Juan Antonio Gil Rubiales polizia-buruaren heriotza ere albiste izan genuen; Joxe Arregi hil arte torturatzeagatik 1989an hiru hilabeteko arrastatzera kondenatu zuten, baina ordutik hona polizia karrerarik distiratsuena egiten amaitu zuen. Jakina, torturatzaile horren hileta-elizkizunak laudorio eta sariekin apaindu dituzte espainiar agintariek.

Hartara, Arregi eta beste hainbat etakideren omenez izendatutako kaleak «legalak» direnean -muga guztiekin baina baita epaile espainiarrentzat ere- haren hiltzaileetako batek estatu ohoreak jasotzen dituenean, Zizurkilen Arregiren izena zuen plazak beste izendapen bat du, bertako alkateak hala nahi izan duelako. Maribi Arregik (2008-5-22) eta Jon Maiak (2008-5-26) GARAn argiro salatu zutenez, Arregiren ama bere semearekin justizia nola egiten zen ikusi gabe hiltzeaz gain, herenegun hildako polizia eta haren arduradun politikoak semearen heriotzagatik egiazki kondenatuta eta kondena hori betetzen ez ikusteaz gain, Zizurkilen apartheidaren ondorioz alkate den María Angeles Lazkano jelkideak, koldarkeriaz eta inongo epairi aurrea hartuz, herriko plazari semearen izena nola kentzen zion ikusi zuen hil aurretiko azken egunetan. Orain, Lazkanoren jokabidea «auzitan» jarri du Auzitegi Nazionalak berak.

Esan bezala, paradoxa multzo honek euskal gatazkaren alderdi bat azaltzen du. Besteak beste, EAJren jardunbide historikoa erakusten du: aitzakiak aitzaki, borreroak baino areago joateko joera. Lotsarik balu, Lazkano andereak gaur bertan erabakiko luke bere erabakia bertan behera uztea. EAJk lotsarik balu, horretara behartuko luke. Bestela, are latzagoa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo