Gotzon Iparragirre Burgoa «Eskubiderik ez, betebeharrik ez» desobedientzalarien plataforma
Desobedientzia aurrera Ondarroan
Ez gara berantiarrak: bihar bertan ordaintzen hasteko prest gaude, gaur ondarrutarron borondatea errespetatzen bada. Gure kemenak lehen fruituak eman ditu: ospa dezagun gaur, bihar borrokatzen jarraitzea baino beste aukerarik ez dugu izango eta
Azken egunotan Ondarroako ezker abertzalearen aurkako beste eraso mediatiko baten lekuko izan gara. Ekainaren 24an «El Correo Español»ek zioenez, Ondarroako gestorak uko egin dio ondarroar desobedentzialariak zigortzeko enpresaren kontratazioari. Jakina denez, «Eskubiderik ez, betebeharrik ez» lemapean, 200 bat familiak uko egiten diote udal zergak ordaintzeari, eta hauek zigortzeko, PNVk inposatutako gestorak enpresa baten kontratazioa atera zuen lehiaketa publikora. Enpresa bakarra aurkeztu zen -Gesmunpal- eta, desobedentzialarien ordezkaritza batekin bildu eta ehundaka dei eta e-mail jaso ondoren, uko egin dio Ondarroan sartzeari, azken egunotan baieztatu dutenez. Notizia hau makilatu nahi izan badute ere, ez da udala izan Gesmunpali ezetz esan diona, alderantziz baizik. Berantiar arrunten aurrean barik, kanpaina politiko baten jarraitzaileen aurrean zegoela ohartzean hartu du erabakia Gesmunpalek, Ondarroako ezker abertzaleak biziki txalotzen duen jokabidea, barne koherentziaren ondorioa, eta ez kanpoko mehatxu eta presioena, nahiz eta Maruri eta gainontzeko jelkide kanporatuen kasuan bezala, horrela saldu nahi izan duten PNVren orbita eta menpeko komunikabideek.
Presioak nondik datozen ohartzeko, gogora dezagun maiatzaren 3ko «Deia»ko lehen orrialdean irakurtzen genuela, beste hainbat gezurren artean, Felix Aranbarrik gidatzen duen gestora kolpistak jada kontratatuta zeukala Gesmunpal enpresa. «Deia»k gure erantzuna ez argitaratzea erabaki zuen, eta ondorioz, «Berria» eta GARAri esker plazaratu ahal izan genuen geure ikuspegia. Oraingo honetan, «Deia»k, tutik ere ez du esan, Gesmunpal atzera bota dela esatea, iritzia publikoa intoxikatzen ibili direla onartzea bailitzateke. «Pasalo» programakoei eman die txanda, eta han ibili ziren eguaztenean bertan, hainbat sasi kazetari Ondarroako kasuari buruz hitz egiten, baina beti ere, ondarrutarrei hitz egiteko aukerarik eman gabe. Tertuliaren «moderatzailea» ez zen gorritu Ondarroak 12.000-15.000 biztanle bitarte zituela baieztatzerakoan, orain dela 5 urtetik gure herriak 10.000 biztanle baino gutxiago baditu ere. Baina, noski, ezker abertzalearen aurka edozerk balio du, baita komunikabide publikoak intoxikazioaren agenteak bihurtzea, eta inplikatuak zentsuratzea. Bertako mintzakide baten iritziak aipamen berezi bat merezi du. Egoera guzti honen iturburua Alderdien Legea barik, «herritar bat eraila denean» ANVkoek kondenatzen ez dutelako dela argudiatu zuen. Ba Ondarroan badugu horren adibide argia. 1981eko abuztuan BVEk Anjel Etxaniz ondarrutarra erail zuenean orduko alkateak uko egin baitzion erailketa hura kondenatzeari, familiarekin elkartzeari eta ez ohiko batzarra deitzeari. Nor zen orduko alkatea? Ba, gaur egun Ondarroako kolpisten burua dena, Felix Aranbarri jauna.
Tertulia horretan parte hartzen duten tertuliano ofizialistek, hitzetik hortzera darabilte «etika» hitza, berba horren esanahia aspaldi ahaztu badute ere. Itxura denez erailketa guztiak ez dira berdinak. Gustatuko litzaidake zein den «Pasalo»ko tertulianoen iritzia gertakizun honi buruz, baina ziur naiz moderatzaileek ez dutela betarik emango, horretarako ordaintzen baitiete, batzuen gezurrei oihartzuna emateko eta besteon erantzunak isiltzeko. Eskerrak Barriuso eta Alvarez-Solísi benetan. Argi gera dadila behintzat, Ondarroako ezker abertzealeari inork ez diola etikari buruzko leziorik ematen, are gutxiago esker oneko sabel horiek. Bide batez, Felix Aranbarri «martirea» aipatzen dutenean ondo egongo litzateke, entzuleei jakinaraztea Ondarroako kolpisten buruak 61.233 euro kobratzen dituela urtero, 14 soldatatan banatuta. Ederra pagotxa, boto bakar bat lortu gabe gestoraren buruan jarri duten jubilatuarentzat. Ederra pagotxa, herritarrek udal zergen ez ordaintzeari buruzko datuak eskatzean erantzun ere egiten ez duen gestorearentzat, datu horiek bere alderdiaren komunikabide nagusiari aspaldi filtratu bazizkion ere.
Laster, Ondarroako historiara igaroko den lapurretarik entzutetsuenaren urtea beteko da. Urte honetan zehar, Ondarroako ezker abertzaleak udalerriko egoera politikoa bideratzeko pare bat proposamen egin dizkio PNV-ri: lehenengoari (2008-07-09) erantzun ere ez zuen egin Urkulluk (BBBko lehendakaria zela), eta bigarrena Josune Ariztondok eten zuen bere kabuz, hain gustuko dituen aitzakia merkeetariko bat erabilita (2008-12-26). Bien bitartean, ezker abertzaleak, apartheid egoera salatzeaz gain, hainbat egitasmo jarri ditu martxan herriari begira, eta lehen garaipena lortu dugu: Gesmunpal atzera botatzea. Udal gobernutik baztertuta, informazioa eta mobilizazioa dugu orain bide bakarra. Ez gara berantiarrak: bihar bertan ordaintzen hasteko prest gaude, gaur ondarrutarron borondatea errespetatzen bada. Gure kemenak lehen fruituak eman ditu: ospa dezagun gaur, bihar borrokatzen jarraitzea baino beste aukerarik ez dugu izango eta.