Martin Anso: «Legenda kontuetan, altxor aberatsa dugu Euskal Herrian»
«Elezaharren gordelekuak» liburuan egunkari honetako Martin Anso kazetariak Euskal Herriko 53 kondaira eta ipuin tradizional bildu ditu. Testu laburrak, zuzenak eta askotarikoak dira: maitasuna, mendekua, abertzaletasuna eta saldukeria dira gaietako batzuk; Erromanizazioan, Erdi Aroan, Ameriketako Konkistan edota Karlistaldietan kokaturikoak dira. Gaurtik aurrera, GARArekin batera salgai dago, 9.95 euroren truke, udako irakurgai entretenigarri hau.
K.A. | BILBO
«Elezaharren bidetik» Euskal Herriko kondaira bilduma bat da. Testuak GARAn argitaratzeko idatzi zituen Martin Anso kazetariak. Beraz, testu laburrak dira, halabeharrez, estilo zoliaz idatziak. Baina ezaugarri nagusia barietatea da, Ansoren ustez. Barietatea generoetan, lehenik eta behin, legendaz gain, ipuin tradizionalak, gertaera historikoak, apokrifoak eta beste motatako kontakizunak ere bildu baititu.
Ugaritasuna nabarmena da gaiei dagokienez ere: maitasuna, mendekua, abertzaletasuna, saldukeria; bai eta islatutako garai edo giroetan ere: Erromanizazioa, Erdi Aroa, Ameriketako konkista, Karlistaldiak... Protagonisten artean, denetarik dago: emakume-oreina, adarbakarra, sorginak, gizotsoa, piratak, jauntxo ankerrak, emakume ausartak. Hainbat pertsonaia historiko ere liburuko protagonista dira, hala nola, Napoleon, Villalba koronela, Kolon, Antso Abarka eta Matalas.
Istorio bila, etnologo eta folkloristen liburuetara jo du Martin Ansok: «Irakurketak dira, ikerketak baino. Nire betiko gustuko egileengana jo dut. Asko Vinson, Barandiaran, Azkue, Satustregi edo Jimeno Jurioren liburuetatik atera ditut. Baina baita gaur egungo hainbat idazleenetatik, adibidez, Joseba Sarrionandia edo Augusto Monterrosoren liburuetatik. Eta, jakina, XIX. mendeko legendistak ere aintzat hartu ditut: Iturralde, Arakistain Bizente Arana, Campion, Trueba... Kontuan izan behar da idazle hauetako batzuk, egun ahaztu samar baditugu ere, duela ehun urte bene-benetako best-selleren egileak zirela».
Baina Anso ez du kondaira bilketa eta berridazketa soila egin. Umore puntu bat ere eman die. «Gaur egun legendak ezin dira kontatu gure arbasoek sutondoan kontatzen zituzten bezala. Eszeptizismo ukitu bat eman diet nik, gaur egungo irakurleari keinu bat eginez. Umorea dago begirada horretan; kontatzeko moduaren arabera istorioa izan daiteke drama bat edo zerbait dibertigarria».
Egilearen iritziz, dagoeneko izango dugun liburu hau gaztetxoei bereziki gustatuko zaie. Baina ez du umeentzat gomendatzen, izan ere, badira testu batzuk «politikoki zuzenak ez eta latz samarrak direnak».
Martin Ansok liburu honetakoez gain elezahar eta ipuin ugari ditu idatzita. «Legenda kontutan, izugarri aberatsa da Euskal Herria. Istorio zerrenda amaigabea dugu. Altxor bat dugu hor, ezbairik gabe. Baina hori unibertsala da. Leku bakoitzak berea dauka, basamortua izan edo itsaso zakarra eduki. Arakatze kontua da».
Titulua:
«Elezaharren
gordelekuak».
Egilea:
Martin Anso.
Saltokia: Kioskoetan, GARArekin batera.
Prezioa: 9.95 euro.