«Gaueko ikuskizunak dira Lekeitioko Jaialdiari nortasuna ematen diotenak»
Lekeitioko antzerki jaialdiko zuzendaria
Kale antzerkiaz hitz egiteko eskarmentu handia du Imanol Agirrek (Bilbo, 1960). 19. edizioa ospatuko du Lekeitioko Jaialdiak eta kaleko ikuskizunen bilakaera bere baitan bizi izan du hitzordu honen zuzendari artistikoak. 1989. urtean Euskal Herri mailan bakarra izatetik beste askoren jaiotza ikustera pasatu dira eta, Agirrek argi adierazi duenez, unerik osoena bizi du egun kale antzerkiak.
Itziar AMESTOY
Hiru egunez, 19.00etatik aurrera, Lekeitioko kaleek antzerkia izango dute protagonista. Lan handia dakarren hitzordua dela esan du Imanol Agirrek, jaialdiko zuzendari artistikoak; horren froga, datorren urtekoa prestatzen hasiak direla jakitea. Agirrek azaldu duenaren arabera, ikuskizun erraldoi eta oso bat da, bere barnean 14 konpainia eta 22 emanaldi hartuko dituena.
Zer aurkituko du asteburuan Lekeitiora hurbiltzen denak?
Euskal Herriko kale antzerki jaialdirik garrantzitsuenaren 19. edizioa. Hiru gunetan banatuta, 14 konpainia, 22 emanaldi... 18 orduz gelditu barik antzerkia aurkituko du. Horrez gainera, gure mugetatik kanpoko zazpi talde ikusiko ditu: Alemania, Portugal; Errusia, Quebec, Frantzia eta Kataluniatik etorritakoak. Beraz, sekulako festa, kultur festa, aurkituko du.
Parte hartuko duten 14 talde horiek aukeratzeko zer irizpide jarraitu duzue?
Lan hori oso denbora luzean egiten da, une honetan datorren urteko jaialdia prestatzen ari gara, esate baterako. Hiru norabide aipa daitezke batik bat. Bata, nazioartean topatzen ditugun talderik nabarmenenak ekartzen ditugu, betiere Lekeitioko giroarekin ondo uztartuko direnak. Bestalde, hurbil dagoen antzerkian ikusmira jarrita daukagu eta, talde guztien atzetik ibili ondoren, hautaketa egiten dugu. Aurten, adibidez, talde historikoak ekarri ditugu; Markeliñe eta Trapu Zaharrak bezalakoak. Horien ondoren, labetik atera berriak ere baditugu; Iñaki Mata eta Ganso, adibidez. Eta lan egiteko hirugarren lerro bat ekoizpen eta espazio berriak asmatzean datza. Aurten, txoko berri bat asmatu dugu: «Zuberoan sortua». Eremu horretan Zuberoatik arte garaikidearekin zerikusia duena kokatzen saiatuko gara. Aurten bi ikuskizun bilduko dira leku horretan; bata, klownarekin lotua eta, bestea, umoretsua.
Zerk bultzatu zaituzte eremu berri hau sortzera?
Gure jaialdiaren barruan beti ari gara gauza berriak sortzen, espazio berriak eratzen. Horrez gainera, uste dugu Zuberoan antzerki eta musikaren inguruan oso ekoizpen bereziak daudela. Arazoa da hemen horiek ikusteko aukera gutxi dagoela. Hemendik aurrera, Lekeition txoko bat izango dute.
Horrelako eskaintza ikusita, kanpoko jende asko hurbilduko da Lekeitiora, baina nola bizi dute hitzordu hau bertako biztanleek?
Lekeition masa kritiko zabala eta esperientzia handikoa sortu da 19 urte kalean eraman ondoren. Aurten, ordea, sekula baino ikusmira handiagoa dago. Pentsatu behar da Lekeitioko herria osotasunean kaleratzen dela eta, jakina, kanpotik ere jende asko espero dela. Jadanik ez dago batere tokirik lo egiteko, jendetza espero da. Beti aldarrikatu izan dugu kale antzerkiak espazio duin bat behar duela. Eskarmentu handiko ikusleek behar duen duintasuna ematen diote kale antzerkiari. Kultura parte-hartzailea da, ikusleak ez du soilik begiratu egin behar, parte hartu behar du, eta gure jaialdian ikuskizunaren parte izateko hamaika aukera daude.
Espero den jendetzaren arrazoi nagusia Euskal Herri mailan jaialdi garrantzitsuena izatea da. Nola irabazten da honelako titulu bat?
Gutxienez, lehenengoa da. Orain dela 19 urte bakarrik egon arren, aurten sei bat-edo badira. Hala ere, Euskal Herri mailan esanguratsuena edo erreferentzia izatea bilatu dugu. Horretarako, ohikoa ez dena bilatzen saiatzen gara, eta kutsu berritzaile horretan kokatzen da jaialdirik nabarmenena izatea.
Nola deskribatuko zenuke Euskal Herriko kale antzerkiak egun bizi duen mementoa?
Gure 20 urteetan, kale antzerkiaren bilakaera osoa ikusi dugu. Eta ibilbide honetan, unerik osoena bizi duela esan dezakegu. Inoiz baino talde gehiago daude, ekoizpen gehiago egiten dira, etab. Gainera, euskal taldeak munduan zehar ibiltzen dira; esate baterako, Markeliñe, Trapu Zaharrak eta Deabru Beltzak. Hauek sekulako birak egiten dituzte mundu osoan zehar. Esan daiteke une goxo batera iritsi garela, horren isla, inoiz baino jaialdi gehiago daude. Oso memento interesgarria da.
Zer abantaila izan ditzake kaleko ikuskizun batek antzoki batekoarekin alderatuta?
Kale antzerkiak ez dauka barrukoarekin zerikusirik. Kalekoa arteen bilkura da, arte desberdinen bilkura. Kalean edozein gauza da posible; airean ikuskizuna, itsaso gainean, pirotekniak, publikoarekin parte hartzen duen ikuskaria. Dena denez posible, askatasun honetan oso gauza interesgarri eta probokatzaileak egiten dira.
Antzezleen azalean sartuz gero, ordea, ikuskizuna era desberdinean planteatu beharko da, ezta?
Antzezleak kalean oso modu ezberdinean aritzen dira. Bakarrik zaude, jendez inguraturik, espazio egoki bat behar da. Modu desberdina da eta kale antzerkian aritzen direnek badakite eremu berezi hori lantzen, ikuslearekin konplizitatea lortzen saiatzen dira eta hori lortzen duten ikuskizun motak jorratzen saiatzen dira.
Bernardo Atxagak luzatutako galdera -«Zoriontsu al zarete beste aldeko biztanleak?»- sartu duzue kartelean. Zer dela- eta?
Urteak dira kartelarekin hasten dugula jaialdia. Horretan, aurreko urteko memoria sartzen dugu, hango irudian oinarritzen baitugu. Horrez gainera, euskal literaturaren aipu bereziak eta esanguratsuak sartzen ditugu. Aurreko urteetan, Axular, Lauaxeta, Sarrionaindia eta beste idazle batzuk gonbidatu ditugu, eta oraingoan Atxagari egokitu zaio. Bere produkzio zabalaren barruan, esaldi labur hori aukeratu genuen.
Lekeitioko jaialdira joateko intentzioa duen norbaitek, zer ikuskizun ezin du galdu?
Asteburu osoa aholkatzen dugu. Lekeitioko jaialdia ikuskizun erraldoia da, hiru egunetan gertatzen dena, 18 orduz etengabe. Kale antzerki jaialdia gauza bakarra da, barruan 14 antzerki konpainia dituena. Hala ere, beti gaua azpimarratzen dugu, gaueko ikuskizunak dira Lekeitioko ezaugarririk berezigarriena. Han daude aurrekontu handiena eskatzen duten lanak, egunean zehar ere gauza txiki eta ikusgarriak daude, baina gauak dira nortasun berezia ematen diotenak Lekeitioko jaialdiari.
«Euskal kale antzerkiak unerik osoena bizi du, inoiz baino talde, ekoizpen eta jaialdi gehiago daude eta gure taldeak munduan zehar ibiltzen dira»
«Jaialdia ikuskizun erraldoi oso bat da, hiru egunetan zehar gertatzen dena eta barruan 14 antzerki konpainia dituena. Horregatik, asteburu osoa da aholkatzekoa»