GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

New York zinemaren agertoki bihurtuko da udan

Richard Gere, Denzel Washington eta Catherine Zeta Jones New Yorken izango dira uda honetan, beste aktore batzuen artean. Michael Bloomberg alkateak bultzatutako «Made in NY» programaren bidez hogei bat filmazio egingo dira bertan eta hiriko hainbat txoko etengabeko agertoki bihurtuko dira bertako eta atzerriko ibiltarien gozamenerako.

p048_f01_.jpg

GARA | NEW YORK

Udan New Yorkera bisitan joaten den orok, hainbat aktore ezagun kalean bertan ikusteko aukera izango du, besteak beste, Richard Gere, Denzel Washington edota Catherine Zeta-Jones. Guztira hogei bat film grabatuko dira hiriburuan bertako alkate Michael Bloombergek bultzatutako «Made in NY» (New Yorken egina) izeneko zerga-pizgarrien programaren bidez.

Ekimen horri esker, hiriari bultzada ekonomikoa emateaz gain, erakargarritasuna sustatu eta zuzendari gehiagok Manhattanen grabatuko dituzte euren lanak. Katherine Oliver New Yorkeko Udaleko Zinema, Antzerki eta Telebista Saileko (MOFTB) zuzendariak EFEri adierazi dionez, era honetako zerga-pizgarrien programa duen «AEBetako hiri bakarra» da, eta horri esker iaz 245 film grabatu ziren bertan. Gainera, 2005ean martxan jarri zenetik, film bakoitzeko filmazio egunak luzatu egin direla gogoratu zuen. Bestalde, hiriak «gune paregabeak eskaintzen» dituela esan zuen. Programaren bidez adierazten denez gainera, zinema eta telebista produkzioek guztira egiten duten grabazioaren %75 baino gehiago hirian bertan egiten badute, %35eko zerga jasoko dute bueltan.

Udalak eta New Yorkeko gobernuen ordezkariek, bestalde, zerga-pizgarriak «beharrezkoak» direla adierazi dute, «lehiakortasuna mantendu» eta industriako enpleguak beste estatuetara joan ez daitezen. Izan ere, hiriak ekarpen ekonomiko handiak izaten ditu. MOFTBrek eskaini dituen datuen arabera, zinemari esker 100.000 hiritarrek dute lanpostua, 4.000 enpresak irabaziak lortzen dituzte, eta urteko 5.000 milioi dolarreko kapital-ekarpena egiten dio hiriaren ekonomiari.

Egun hauetan, beraz, New Yorkeko hainbat txoko, agertoki bihurtuko dira. West Village auzoan adibidez, Catherine Zeta Jones eta Justin Bartha komedia erromantiko bat grabatzen izango dira; Guggenheim Museoan eta Central Parken Mark Steven Johnson zuzendariaren gidaritzapeko «When in Rome» filmaren nondik-norakoak ikusi ahal izango dira; West Yonkersen Emily Youngek «Veronica decides to die» zuzenduko du, Paulo Coelhok idatzitako nobelaren egokitzapena. Sarah Michele Gellar aktoreak Veronikaren papera egiten du eta bere bizitzaren azken egunetan dagoela konturatzen da.

Tentsioz betetako uneak bizi nahi dituenak, aldiz, metrora gerturatu beharko du. Bertan Denzel Washington, John Travolta eta James Gadolfini protagonista dituen «The Taking of Pelham 123» filma grabatuko baitute. Richard Gere aktorea ere ez da urruti ibiliko, Brooklyn auzoan polizien inguruko «Brooklyn's Finest» filmarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo