Igandeko estropadako txandak izan dira aurtengoz zozketa bidez osatzen azkenak
Imanol SESMA | DONOSTIA
Kantauri itsasoko traineru onenek nahikoa lan izango dute datorren asteburuan. Larunbat arratsaldean (18.00 ETB) San Pedroko Ikurrina lortzeko erlojupeko froga bat izango dute, eta igandean (12.00 ETB) Telefonica saria irabazteko arituko dira lehian. Azken horren hamargarren edizio hau seigarrengoz egingo da TKE Ligan sartu zenetik, eta iaz bezala aurtengoan ere Donostian izango da.
San Miguel Ligan aurtengoz azken aldiz zozketa bidez osatu ziren atzo igandean Gipuzkoako hiriburuko Kontxan egingo den lehiaketako txandak. Beraz, datorren uztailaren 19an Marina de Cudeyon izango diren estropadetako txandak ontzi bakoitzak TKE Ligako sailkapen nagusian duen postuaren arabera osatuak izango dira.
Honako hauek izango dira datorren igandeko txandak: lehenengoan Castro, Urdaibai, Tirán eta Hondarribia arituko dira arraunean; lehenengo bien artean lehia gogorra espero da. Bigarrenen txandan, Cabo da Cruz, Pedreña, San Pedro eta Zarautz arituko dira. Eta azkenik, hirugarren txandan Laredo, Zumaia, Arkote eta Galizian erakutsitakoa baino itxura hobea ematen saiatuko den Orio izango dira nor baino nor ibiliko direnak.
Esan beharra dago, Telefonica Ikurrinak ez duela Kontxako Ikurrinaren estropada-eremu berbera izango. Izan ere, lehenengoan TKE Ligako estropada guztietako arauek dioten bezala hiru ziaboga eta lau luze egin beharko ditu ontzi bakoitzak, eta bigarrengoan, aldiz, bi luze eta ziaboga bakarra osatu ohi dituzte arraunlariek.