GARA > Idatzia > > Kultura

Mina Agossi: «Baionako jazzaldira etortzen naizenean neure etxean bezala sentitzen naiz»

La Ruée au Jazz Baionako jazzaldia gaur arratsean abiatuko da, Tom Mc Clung eta Mina Agossiren kontzertuarekin. Bihar eta igandean, jaialdiko doinuak eguerdian herriko karriketan zabalduko dira.

Ainize BUTRON | BAIONA

Duela sei urte Baionako La Ruée au Jazz jaialdiaren «parioa» egin zuen gazte taldea ahoan izan zuen atzo Mina Agossi kantariak, gaur gaueko kontzertua aipatzean. Hain zuzen ere, «Simple Things» izeneko disko berria aurkeztuko du berak, eta lau urte Baionako jaialdiko agertokira igo gabe dabilela-eta, emanaldia eskaintzeak «zirrara handia» eragiten diola aitortu zuen.

«Hemen etxean bezala nago, oso oroitzapen hunkigarriak ditut. Gainera, Durango ondoan egona izan naiz lanean urte zenbait», azpimarratu zuen.

Izan ere, Mina Agossi La Ruée au Jazz jaialdiko amabitxia izateaz gain, benetako laguntzailea bilakatu da urtez urte. Programazioa aberasteko ahaleginak egiten ditu: «Ez da erraza izan Ahmad Jamal Baionara etortzeko konbentzitzea. Urtebeteko lana izan da». Laguntzaile eta musikari bezala, beraz, bere burua aurkeztu zuen atzo, kontzertua iragartzeko eskaini zuen prentsaurrekoan. Gogorarazi zuen hamaika urtez hirukotean ari zela lanean, eta, taldeak kaleratutako azken lana dela, hain zuzen ere, ezagutzera emango zutena.

Hala ere, «hirukote gisa ezin dut gehiago sortu, eta beste zerbait egin beharra dut», aitortu zuen. Nolanahi, jazz musikari lotua, artistak, pop-rock eta blues doinuak uztartu ditu disko horretan, eta rap kutsukoak ere bertara bildu. Hala, rapa goraipatzeko baliatu zuen abagunea, rapa jazza zela esanez.

Horiek horrela, egungo jazz munduaren doinuetan murgiltzeko aukera emango du Mina Agossik. Eta, kontzertuak kantariaren estilo berezia berriz ere entzuteko aukera emango du, kontrabaxua eta bateria lagun dituelarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo