Aizkora
Nazabal-Vicente, herrialdekoa irabazteko faboritoak
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Nafarroako aizkolaririk onenek neurtuko dituzte indarrak etzi eguerdian, 12.00etatik aurrera, Iruñeko Foruen plazan, Nafarroako Binakako Txapelketan. Bikoak honako hauek izango dira: Nazabal-Vicente, Larretxea-Barberena eta Mindegia-López. Biko bakoitzak sei kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako erdibitu beharko ditu .
Hiru bikoak orekatuak dira, eta ezin esan faborito garbirik dagoenik. Hala ere, tartean Nazabal dagoen aldiro, hau faborito ateratzen da; hortaz, Vicenterekin osatzen duen bikoa izan daiteke agian leku hori hartuko duen bikotea.
Larretxea ere kontuan hartu beharrekoa da. Maila ona ematen ari da azkenaldian eta besteei gauzak zaildu liezazkieke. Binaka, eta alboan eskarmentua duen Barberena izanda ez da erraza izango bera gainditzea. Iragarpenak egiten hasita, agian, aukerarik gutxien Mindegiak eta Lópezek izan ditzakete, baina hauek ere kontuan hartu beharko dira. Ezkurrako beteranoa oso une onean dago, eta badirudi bere lesio larri hura ahaztuta duela. López, aldiz, bere une onenean dago eta, beraz, ez dute erraz amore emango.
Bestetik, atzo jokatu zen Nafarroako Hirugarren Mailako kanporaketa. Lehendabiziko bostek lortu zuten finalerako txartela: Patxi Mindegiak, Kañamares III.ak, Saralegik, Ohian Larretxeak eta Castrok, hain zuzen. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko erdibitu behar zituen, eta Patxi Mindegia izan zen azkarrena, hiru minutu eta erdian burutu baitzituen lanak.
Jaialdiak
Iruñeko Foruen plazan aurrera egingo dute jaialdiek, eta gaur ere izango da, nahiz eta lehiaketa ofizialik ez den jokatuko. Bihar, aldiz, herrialdeko lau txapel banatuko dira Nafarroako hiriburuan. Bertan ingude-altxatze lehia jokatuko da, bai nesketan bai mutiletan. Txingaproban ere, bihar erabakiko dira herrialdeko bi txapelak, nesken mailakoa eta mutilen mailakoa hain zuzen. Etzi ere, binakako aizkolarien txapelketaz gain, herrialdeko gurdi-altxatze txapelketa ere erabakita geratuko da.
Araban, aldiz, etzi ziren jokatzekoak Oionen herrialdeko gizonezkoen mailako txinga-proba eta trontzalarien finalak, baina azken unean bertan behera geratu dira, eta orain Federazioak data berri bat zehaztu beharko du.