Israel AEBetako «51. estatua» al da?
Ofizialki, Amerikako Estatu Batuak 50 estatuk osatzen dute. Askok eta askok «51. estatua» terminoa bai etorkizunean herrialde horretara anexionatu daitezkeen lurraldeei buruz hitz egiteko, bai AEBek nazioartean duten eragina azpimarratzeko erabiltzen dute. Estatubatuar inperialistek Puerto Rico aipatzen dute, eta haien bizilagun kanadiarrek AEBek gainontzeko herrialde angloxasoietan duten indarra azpimarratzen dute, besteak beste.
Nolanahi ere, AEBetako politikan bada herrialde hartako estatu gehienak baino eragin handiagoa duen estatu independente bat: Israel. Estatu sionistaren eta estatubatuarraren interesak nazioartean berberak izan ohi dira. Areago, lobby judutarrak estatubatuar politikagintzan duen eragina izugarria da. Hauteskundeetan, adibidez, beraien babesa erabakigarria da, orain dela gutxi ikusi ahal izan dugunez.
Egitate hau argi geratu da, beste behin ere, Iran egiten ari den arma astunen proben aurka bi estatuetako agintariek egindako adierazpenetan. Agidanez, Israel babesteko, Bushen administrazioa prest dago bai munduarentzat, bai AEBentzat jasanezina litzatekeen gerra berria pizteko. Gezurra dirudi, guztiontzat agerikoa baita Palestinako, Irakeko eta Afganistango okupazioa bertan behera uzteko unea heldu dela, 51., 52. edo 53. estatuaren atzetik ibili gabe.