GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Unai Hernandez iheslari politiko santurtziarra atxilotu dute Baionan

Polizia frantsesak Unai Hernandez iheslari politikoa gatibu hartu zuen atzo Baionan. Europa Press agentzia espainolak iturri ofizialak aipatuz azaldu zuenez, Biriatura eraman eta Polizia espainolaren esku utzi zuen.

GARA |

Atzo goizean Unai Hernandez atxilotu zuen Polizia frantsesak Baionan. Europa Press agentzia espainiarrak jakinarazi zuenez, eguerdian Biriatura eraman eta Poliziaren esku utzi zuten. Iturri berberen arabera, gaur eramanen dute Auzitegi Nazionalera.

Epaitegi honek Ekin taldeko kide izatea leporatu, eta 18/98 prozesuan auzipetu zuen. Azkenean ez zuten epaitu, baina hamabost urteko zigorra eskatu dute beretzat. Hernandez bizkaitarra da, baina hiru urte eta erdi zeraman Baionan bere bizitza eraikitzen. Estatu espainiarrak euroagindua eskatu zuen, eta ondorioz atxilotu egin zuten otsailaren 14an Baiona Ttipian. Polizia-etxean ordu batzuk eman ondotik aske gelditu zen, ordea, eta euroaginduaren prozedura gauzatu bitartean kalean egoteko beta izan du.

Hala ere, Pauko epaitegiak Espainiaratzeko erabakia hartu zuen martxoaren 11n, eta gaztea «egoera anormalean» bizi zen. Presio psikologiko handia sufritzen zuela kontatu zuen orain hilabete eskas GARArekin izandako elkarrizketan. Noiz atxilotuko zuten jakin ez arren, bazekien une hori noizbait iritsiko zela. Eta orduan hegazkina hartu eta Madrilera eramanen zutela. «Beti duzu errepresioaren fokua gainean, kotxea hartzeko beldurrez nago, errepideko kontrol batean atxilotuko nautelakoan... Gehienez astebeteko planak egiten ditut, ea bi liburu hauek irakurtzeko beta dudan, ea zinera joatea lortzen dudan...», azaldu zuen. Sorterritik urrun, «bigarren edo hirugarren mailako herritarra» zela nabarmendu zuen.

Santurtziarraren atxiloketaren berri izan zuenean, Askatasunak gogor salatu nahi izan zuen «frantziar Estatuak euskal independentismoa amaitzeko errepresio estrategian jokatzen duen papera». Amnistiaren aldeko mugimenduaren ustez, «bizi dugun gatazka politikoari eta bere ondorioei demokratikoki aurre egin beharrean, errepresio bideen aldeko hautua egiten du». Askatasunak kritikatu zuenez, kasu honetan ere ez dute zalantzarik egin «espainiar Estatuan ezker abertzalearen aurkako salbuespeneko sorgin ehiza judizialari lagundu eta militante independentistak entregatzeko. Horrelako neurriekin Euskal Herrian salbuespen egoerari eusten dio frantziar Estatuak ere. `Euskal independentismoa amaitzeko bidean guztiak balio du' lema ondo barneratua du».

Mobilizatzeko deia

Antolakunde honek ohartarazi zuenez, euskal iheslarien aurkako jazarpenak eta errepresio bideen aldeko apustuak ez dute gatazka politikoa konponduko: «Azken hogeita hamar urteak ikustea besterik ez dago».

Horregatik, errepresioaren aurka elkartzen, antolatzen eta mugitzen jarrai dezatela eskatu zien herritarrei. «Bizi dugun salbuespen egoerari `aski da!' esan behar diogu. Iheslarien aurkako jazarpenaren aurrean `aski da! Unai askatu orain!' oihukatu behar dugu».

Lelo horrexekin, elkarretaratzea egin zuten atzo Unai Hernandezen jaioterrian, Santurtzin. Eta atxilotu zuten herrian ere, Baionan, 65 lagun bildu ziren bere askatasuna eskatzeko.

elkarretaratzeak

65 lagun elkartu ziren atzo Unai Hernandez bizi zen herrian, Baionan, berehala aska dezatela eskatzeko. Gaztearen jaioterrian ere, Santurtzin, protesta egin zuten aldarrikapen berarekin eta errepresioaren aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo