GARA > Idatzia > > Mundua

EBren krisia gainditzeko itun berririk ez dutela onartuko esan du Sarkozyk

Nicolas Sarkozy Europar Batasuneko egungo presidenteak itun berri baten negoziaketari ateak itxi dizkio. Europa ekialdeko kide berrien onarpena lehentasunezkoa ez dela nabarmendu zuen Sarkozyk, horretarako EBn erakunde berriak behar direla argudiatuta.

GARA |

Europar Batasunak itun berririk ez duela negoziatuko baieztatu zuen atzo Nicolas Sarkozyk, Estrasburgoko Parlamentuaren aurrean egindako agerraldian. Irlandako herritarrek Lisboako Itunari emandako ezezkoak EBeko krisia areagotu zuen, Lisboako Ituna arriskuan jarriz, baina Sarkozyk itun berri bat sortzeko aukera ezeztatu zuen atzo.

«Nizako edo Lisboako Itunak izango dira Europar Parlamenturako 2009. urteko hauteskundeetan indarrean egongo direnak», adierazi zuen EBko egungo presidenteak. «Inork ez zuen esan Lisboan sinatutako akordioak arazo guztiak konponduko zituenik, baina denon arteko konpromiso onargarria izaten jarraitzen du», gaineratu zuen.

Uztailaren 21ean Dublinera bidaiatzeko asmoa duela berretsi zuen Sarkozyk, «bertakoekin elkarrizketatzeko eta konponbide bat lortzen saiatzeko». Bide batez, Frantzian Lisboako Ituna onartzeko erreferenduma ez antolatzearen erabakia justifikatu zuen, bere ustez, «kontu instituzionalak eta Europako funtzionamenduaren arauak parlamentarien esku daudelako, ez erreferendumen esku».

Krisiarekin zabalkuntzarik ez

Krisiak bere horretan irauten duen bitartean, Frantziako presidenteak Europar Batasunaren zabalkuntzari ateak ixtearen alde agertu zen. «Nizako Ituna oinarri hartu behar badugu, argi gera dadila Nizak 27 herrialdez osatutako Europar Batasuna adierazten duela».

Zabalkuntzarako ezinbesteko baldintzatzat jo zuen erakunde berriak sortzea Sarkozyk, «2004. urteko azken zabalkuntzan egindako akatsak ez errepikatzeko». Dena den, Europar Batasunean «kide berriak onartzeko prest» agertu zen, «baldin eta lehenik gure arazo instituzionalak konpontzen baditugu».

LISBOAKO ITUNA

Europako Konstituzioaren porrotaren ondoren sinatu zuten EBko estatuburuek Lisboako Ituna, 2007an. Izandako erreferendum bakarrean, irlandarren %53k ezezkoa eman dio Itunari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo