GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Hitzez jada akituta

Maider EIZMENDI

Nekez. Nekez entzun eta irakur daitezke Nagore Laffage gaztearen heriotzaren ingurukoak urdaila uzkurtu gabe; zenbat eta gehiago entzun, orduan eta uzkurtuagoa sumatzen da barrunbea. Tamalez, berriz ere, gertatu dela, gizarteak aski dela esan duela, euren ordezkari beharko luketen agintariek, behingoz jaramon egin eta beste behin ere gerta ez dadin neurri eraginkorrak hartuko dituztela, azaleko jantziak aldatzeaz harago sakonean jorratuko dutela gaia, datozen belaunaldiek gureari zoritxarrez ezagutzea tokatu zaion ankerkeria kontatu diegulako bakarrik ezagutuko dutela... Horrelakoak entzuteak asebeteko gintuzke, baina hitz politez gogaituta gaude jada.

Ustezko erasotzailearen inguruan aipamenik egiteak apenas merezi du. Ustezko diot, berriz ere, inkomunikatuta dagoen pertsona baten gaineko filtrazioek eta honen ondorioek herri honetan jada irakaspen asko emanak baitizkigute. Ondorengo zigorrek, baino, aurretik hartzen diren neurriak arduratu beharko gintuzketela uste dut, gainera; bestela, berriz ere, ulertu ezinean sentituko gara, urdaila uzkurtuta, beldurrak izututa, lotuta...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo