Euskara sustatzeko «bitarteko gehiago» exijitu dituzte ezker abertzaleko biltzarkideek
Araban euskararen normalizazioa lortzeko «urtebete galdu» dela nabarmenduta, ezker abertzaleko biltzarkideek Xabier Agirre diputatu nagusiari «hizkuntza politika eraginkorra» abian jar dezan eskatu zioten.
GARA |
«Kontseiluarekin publikoki aurrekontuaren %2 euskararen normalizaziora bideratzeko konpromisoa hartu zuen arren, egiaz, aurrekontu erabilgarri osoaren %0,8 soilik izendatu izana» leporatu zioten ezker abertzaleko biltzarkideek Xabier Agirre diputatu nagusiari.
Aitor Bezaresen eta Beñat Mendigurenen hitzetan, «euskararen normalizazioa erdiesteko euskalgintzako eragileekin elkarlana sustatu ordez, Agirrek nahiago izan du zeregin hori Txarli Prietoren esku utzi». Izan ere, bi biltzarkideen ustez, «euskararen ezagutza eta erabilerari dagokionez, Euskal Herriko egoera gordinena Arabakoa izanik, PSOErekin hitzartutako aurrekontu eta bitartekoekin nekez egingo du aurrera euskarak».
Legealdiaren lehen urtea bete den honetan, Aldundiak «urtebete galdu duela» gaineratu zuten, horren froga gisa hainbat datu emanda: «Publikoak diren txosten teknikoak gaztelania hutsean mantendu ditu; 223 langiletik soilik 102k betetzen dute derrigorrezko hizkuntza eskakizuna; bide seinaleak eta webgunea gaztelaniaz daude...».
Lanerako prest
Hizkuntza politika «eraginkorra ezartzeko» ezker abertzaleko biltzarkideek «legealdiaren hasieran agertutako prestutasuna» berretsi zuten, baita horretarako hamar ekimen zehatz proposatu ere, tartean, euskara teknikarien poltsa sortzea, euskarazko komunikabideak sustatzeko 250.000 euro bideratzea edota Euskara Zerbitzuen eta euskalgintzako eragileen arteko koordinazio organoa sortzea.