Hitzarmen Berezia irailean izenpetuko dela jakinarazi du Eric Morvan suprefetak
Ainize BUTRON |
Atzo arratsaldean izandako Garapen Kontseiluaren biltzar nagusian Eric Morvan Baionako suprefetak Hitzarmen Berezia irailean izenpetuko zela jakinarazi zuen, François Fillon lehen ministro frantsesak ez zuela bisitarik egingo argituz.
«Prefetak oso agenda betea dauka», argudiatu zuen Morvanek Konstituzio frantsesaren erreforma lantzen ari zela gogoratuz. Dataren berri eman ez bazuen ere, izenpetzea Akitania eskualdeko eta Pirinio Atlantiar Departamenduko prefetak egingo zutela erran zuen.
Berriki Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko burua eta Jean-Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko lehendakariak lehen ministroa agertzen ez zela-eta interpelazio gutun bat helarazi zioten izenpetu ezean proiektua «ahultzeko arriskua» zegoela esanez.
Ekintza hori atzo aipatu ez bazuten ere, Morvanek argi utzi nahi izan zuen atzerapen horretan ez zela orain arte egina izan den lanean «Estatuaren higaduraren interesa» ikusi behar.
«Ez da berantegi izango. Gauzak erritmo berean gauzatzen jarraituko dute», aipatu zuen. Eta, horretan, jada martxan jarriak diren Hitzarmeneko atal batzuk gogora ekarri zituen: «Lanbideen Unibertsitatea martxan dago, Euskal Kultur Erakundearen dirulaguntza finkatua da eta, mendiko ituna ondoko uztailaren 20an izenpetuko da». «Izenpetze ezak ez du oztoporik jarriko lanak aurrera eramateko orduan», bukatu zuen.
Atzo Garapen kontseiluko ohiko biltzar nagusia izan zen beraz, eta Jean-Baptiste Etxeto lehendakari berriak hartu zuen hitza ondoko urteetako norabideak azaltzeko. Sindikatuko buru ohia izaki, bere xedea «eztabaida bultzatu eta soluzioak aurkitzea» izango zela esan zuen.
Lantegiekin gizarte harreman berriak sortzea, Garapen Kontseiluaren metodologia hobetzea, emakume eta gazteen presentzia indartzea aipatu zituen lan ardatz nagusi gisa. Horrekin batera, Euskal Herria 2020 kontratuaren hamabi ekintza jada bideratuak zirela azpimarratu zuen.
Laborantza Ganbera
Mixel Berhokohirigoinek Estatu ordezkariaren presentzia baliatu zuen Laborantza Ganberak jasandako jazarpena salatzeko. Estatu frantsesak egindako erasoak zerrendatu zituen, eta horiek proiektua arriskuan jartzen zutela nabarmendu zuen.
«Ezin da elkarte baten funtzionamendua oztopatu Estatuaren norabideari erantzuten ez dielako», adierazi zuen Garapen Kontseiluak proiektuaren alde bozkatu zuela gogoraraziz.
Etxetok Garapen Kontseilua ez zela «aldarrikapen tresna» bat esanez erantzun zuen. Morvanek, bestalde, «eztabaida hori izateko ez zela egitura egokiena» gaineratu zuen.