Floren Aoiz www.elomendia.com
Habaneraz habanera
Duela astebete falta direnen oroimenez egindako habanera bati buruz mintzatu nintzen eta, oraingoan, beste habanera bat ekarri nahi dut gogora, 1978ko sanferminen harira aurtengo uztailaren 8an aurkeztutakoa. Ekitaldi hunkigarri batean kantatu zuten, orain 30 urte German Rodríguez hil zuten lekuaren ondoan, jende ugari geundela. Musikak, beste askotan bezala, emozioak zabaldu eta, halaber, barnekoak astindu zizkigun. Musikak, orduan gertatutakoa aipatzeaz gain, gure herriaren taupada nabarmentzen zuen, justizia eskatzen jarraituko dugula lau haizetara zabalduz.
Finean, 1978koa herri osoaren kontrako erasoa izan zen. Iruñea izan zuen agertoki nagusi, baina ez zen euskal hiriburuan gelditu, ez erasoa, ezta herriaren erantzuna ere. Donostian hil zuten Joseba Barandiaran, odol mezua benetako demokrazia exijitzen zuen ororentzat zela, eta ez soilik nafarrentzat, argi uzteko. Garai hartan, Estatu espainolaren estrategiak Hego Euskal Herriko lau herrialdeen zatiketa inposatu nahi zuen. Sanferminetako operatiboaren helburua herritarrak beldurtzea zen, beren erreforma eredua ezartzeko. Germanen bizia lapurtu zuen eraso hura ez zen espontaneoa izan, ezta bildutako tentsioaren leherketa, hori sinetsarazi nahi izan diguten arren. Nahita bilatutako agertokia izan zen, hots, kalkulu politiko baten ondorioa.
30 urte igaro direla, nabarmenak dira orduko kalkulu eta erabaki politikoen ondorioak. UPN aipatu zuten uztailaren 8ko ekitaldian, 1978ko ubelduraren adibide. 1978koa espainiar estatu arrazoiaren agerpen gardena izan zen, eta 2007ko «agostazoa», hau da, PSOEk UPNri Nafarroako Gobernua oparitzeko hautua, bide beretik etorri zen. Gaur, trantsizio garaian jarrera aldatu, jendea engainatu eta zatiketaren bultzatzaile sutsua bilakatu zen PSOEri esker, frankisten ondorengo politikoek gobernatzen dute Nafarroan. Espainiar interesen onerako. Eskuinaren interesen onerako. Faxista zahar, berri eta betikoen onerako.
Hilaren 8ko ekitaldian esan zutenez, Estatu espainolak indarkeria helburu politikoak lortzeko erabili du eta erabiltzen du oraindik ere. Iruñeko kiliki eta erraldoiak espainiar polizien artetik pasarazi nahia, uztailaren 7an ikusi genuen bezala, ez zen anekdota tristea, gure herriaren dramaren ikurra baizik. 1978 eta 2008ko drama, tamalez.