GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Igor Zearreta «Bobi» Villabonako Espetxean (Asturias)

Gatzaren alde, han eta hemen, gaur eta beti

Estatu espainol eta frantses faxistek berriro ere beraien gerra estrategiaren barnean errepresioa besterik ez diote eskaintzen Euskal Herriari. Zapalkuntza eta inposizioa irauna- razteko milaka mertzenario armadun dituzte bertan, hori gutxi balitz bertako mertzenarioen laguntza ere badute. Euskal herritarrak kontrolatzen dituzte, jipoitu, bahitu eta komisaldegi ilun eta zikinetan gogorki torturatu.

Hau guztia gerrako tribunal bereziak diren Parisko 14. sekzioa eta Madrileko Auzitegi Nazionalaren babesarekin. Gerrako tribunal berezi hauek dira, azken batean, hori guztia bermatzeaz gain, inolako demokrazia eta babes juridikorik gabe erakunde sozial eta politikoak ilegalizatu, hedabideak itxi, euskal herritarrak kartzelatu egiten dituztenak. Gerrako tribunal berezi horiek dira euskal preso politikoak sakabanatu eta isolatzen dituztenak ere; bizi osorako kartzelaldi agindua ematen dutenak; eta, oraingoz, 29 preso politikori psikologikoki hausteko `Parot Dotrina' delakoa aplikatu dietenak, gaixo larriak 92. artikulua eman gabe espetxean hiltzen uzten dituztenak... Dena ordezkari politikoen eta hedabideen erabateko babesarekin.

Orain GAL juridiko, politiko, polizial eta mediatiko hau guztia salatu izan duten Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna erakundea eta bere militanteak kondenatu nahi dituzte. Hau da, salaketa delitu bihurtu nahi dute. Beraien lege eta tribunal arrotzen gainetik sasidemokrazia frankista salatzen jarraituko dugu. Tortura salatzea delitu ez delako. Preso politikoei elkartasuna adieraztea eta haien senideei babesa ematea delitu ez delako. Torturatzaileak, polizia hiltzaileak, dispertsio eta ilegalizazio politikak bultzatzen dituztenak dira epaitu beharrekoak.

Testuinguru politiko bortitz honetan, Gatzak, «Europako Nelson Mandelak», 28 urte bete ditu aurten espetxean. Datak esanguratsuak dira azken egunotakoak, eta horrek bera bisitatu nuen lehendabiziko aldia ekarri dit gogora. 2000. urtean ezagutu nuen Puerto de Santa Mariako presondegian. Erabat harrituta utzi ninduen bere jarrerak. Horrenbeste urte lau hormaren iluntasunean, bakardadean, isolaturik, baina bera gogor eta tinko, indartsu, burua bere lekuan eta ideiak argi, oso argi. Nire pentsamenduetan murgildu naiz eta Gatzaren alboan dauden Santos, Bego, Kontxa eta Goiztiri etorri zaizkit oroimenera. Beraientzat nire besarkadarik sentikorrena.

Horiek horrela, gaur, uztailak 12, Zornotzan egingo den ekitaldi nazionalean parte hartzeko deia egin nahi diot euskal jendarteari. Gaur Zornotzako, Gatzaren sorterriko kaleak gainezka egotea ezinbestekoa da bere askatasuna exijitzeko, preso gaixoen kaleratzea lortzeko eta zigorra beteta duten euskal militanteak etxeratzea erdiesteko.

Amaitzeko, jakin badakit, lana, aldarrikapena eta borrokaren ostean, gozatzeko tarte bat hartzeko aukera ere izango duzuela Zornotzan elkartuko zareten guztiok. Ni ere, modu batean edo bestean, ekitaldiaren ondoren izango den elkartasun kontzertuan presente egongo naiz. Elkartasuna adierazteko mila modu daudelako, betikoak, betikoen alde, betikoengatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo