GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

San Fermin Torneoa

Asegarcek ez du asmatu bikoteak hautatzen

Olaizola II.ak eta Belokik errazegi menderatu zituzten Olaizola I.a eta Begino. Irabazleek finalerako txartela dute gaur jokoan Titin eta Goñiren aurka.

OLAIZOLA I-BEGINO 9

OLAIZOLA II-BELOKI 22

GARA | IRUÑEA

Aimar Olaizolak ez zuen anaia zaharraren gupidarik izan eta sekulako egurra eman zion ostegun gauean Ruben Belokirekin batera. Asteartean bezalaxe, Asier Olaizola eta Aritz Begino ez ziren bederatzi tantotik pasatzeko gai izan, eta nahiko era tristean agurtu zuten San Fermin Torneoa. Harmailetan txistu hotsak ere entzun ziren, Olaizola I.ak galdutako zenbait pilotarekin jendea nahiko haserre agertu baitzen. Goizuetarrak ez du zorte handirik izan aurtengo lehiaketan.

Jokoari dagokionez, Ruben Belokik atzean egindako lana aipatu beharra dago. Ikusmina piztu zuen Aritz Beginoren mailako jotzaile baten aurka Burlatakoak eman zezakeenak eta, egia esan, beteranoa ez zen gaztea baino gutxiago izan. Atzeko koadroetako nagusitasuna bikain baliatu zuen Aimarrek eta hamar bat tanto amaitu zituen. Asierrek ere lagundu zion, huts nabarmenak eginez.

Bigarren finalista

Horrenbestez, gaur arratsaldean ezagutuko dugu San Fermin Torneoko bigarren bikote finalista (18.15, Tele5). Olaizola II.ak eta Belokik Titin III.a eta Goñi III.a izango dituzte aurkari -hauek ere lehen partidan 22-9 irabazi zuten-. Partida ikusgarria espero da, ez baita erraza ez aurreko koadroetan ez atzekoetan lehia interesgarriagorik jartzea.

Aurrean Titin eta Olaizola II.a izango ditugu nor baino nor, beti ikusmina sortzen duen lehia. Nafarroako Lau eta Erdiko finala galdu arren, binaka oso maila ona ematen ari da azkenaldian aurrelari goizuetarra eta partida asko irabazten ari da. Antzeko zerbait esan daiteke Titini buruz ere, gorabehera batzuk izan ostean indarrez ekin dio udari.

Horregatik, atzean egon daiteke gakoa beste behin ere. Fernando Goñik asko sufritu zuen Beginoren kontra astearteko partidaren lehen zatian eta Belokik bere kolpea inposatu nahiko du gaur ere. Partida luzatu ahala, ordea, indarrak berdintzen joango direla pentsa daiteke eta partida luzea Goñiri ongi etorriko zaiola.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo