GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Estíbaliz Alkorta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria

Euskaraz egiteko eskubidea

Uste dut iritsia dela garaia lasai mintza gaitezen hizkuntza eskakizunez, euskararen erabilera planez... gainera etorriko zaigun gaitzespen zaparradaren beldur, hitzak banan-banan neurtzen ibili behar izanik gabe

Eztabaida eta gatazka politikoaren erdian nahasirik ageri da berriro, zoritxarrez, euskara. Oraingoan, gaia -espero zitekeen bezala- Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen dekretua izan da, kontsumitzaile eta erabiltzaileei legeak aitortzen dizkien hizkuntza eskubideak erabili ahal izateko sortua. Nire ustez, dekretua zuhurtasun handiz egindakoa da, ikuspegi sendoz eta gure errealitate sozialari loturik. Izan ere, kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak zaindu beharrarekin batera, aspaldi honetan enpresen eta merkataritzaren esparruan modu guztiz naturalean gertatzen ari den jarduera bat arautu nahi izan du dekretuak.

Herri erakundeek urtero hiru bat milioi euro xedatzen dituzte lan esparruan eta esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko planetarako; aurten, 160 bat enpresek jaso dituzte era horretako laguntzak. Esan beharrik ere ez dago, jakina, dirulaguntza horiek ez lituzkeela inork ere eskatuko enpresen edo merkataritzaren munduan horretarako beharrik edo eskakizunik sentituko ez balu.

Beste datu bat: aurten zabaldu da lehenbizikoz Bikain ziurtagiria, hizkuntza kudeaketaren bikaintasuna egiaztatzen duena; dagoeneko, 40 bat enpresek eskatu dute ebaluazioa, ziurtagiria lortzeko. Iaz, ebaluazio sistema frogatzeko partaide izan ziren bederatzi enpresek eskuratu zuten ziurtagiria: Euskaltel, Eroski, Cegasa, IMH, Matia Fundazioa edo Elkargi izan ziren, besteak beste, norberaren lan esparruan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatu eta aitorpen ofiziala lortutakoak.

Beste era batera esan daiteke: onartu berri den dekretua ez da agintekeriaz sortu, errealitatean oinarritzen da, lan esparruan eta esparru sozioekonomiko hizkuntza politika sendo bat lantzeko herri administrazioek azken urteotan egin duten ahaleginari esker. Beraz, uste dut dekretu hori «desadostasuna» edo «inposizioa» ezartzeko saiotzat hartzen duenak ez duela errealitatea ulertzen, ezta ezagutzen ere, jakina. Azkenerako, halako balorazioen bitartez sozialistak eta popularrak, edo popularrak eta sozialistak, behin eta berriro ari dira euskararen inguruko gaiak politizatu daitezen ahalegintzen, herritar gehienok (elebidunok zein elebakarrek) naturaltasun osoz onartzen ditugun kontuetan.

Hizkuntza politikari buruzko diskurtsoa zuhurtziaz bete beharra dagoela uste dut, zinez. Ezinbestekoa dugu gatazka girotik aldentzea, euskararen araubideaz orain edo gero emango diren erabakien balorazioak egiterakoan. Izan ere, herri erakundeek jarraitu egingo dute, iritziak iritzi, euskararen erabilera arautzen eta indartzen, gizarte guztiz elebidun eta lotsaizunik gabea lortu arte. Eta, bide horretan, Gipuzkoak euskal gizartearen trakzio lana egin behar du, bere egoera soziolinguistiko hobeari etekina ateraz. Uste dut iritsia dela garaia lasai mintza gaitezen hizkuntza eskakizunez, euskararen erabilera planez eta gisakoez, hitzak banan-banan eta luze-laburrean neurtzen ibili behar izanik gabe, gainera etorriko zaigun gaitzespen zaparradaren beldur.

Zorionez, gizarteak badu argitasunik, eta naturaltasun osoz onartzen ditu euskararen inguruko arauak; hala frogatu izan du urte luzetan. Beraz, uste dut gure betebeharra oinarri sendoak ipintzen jarraitzea dela, euskal herritarrek benetako aukera izan dezaten nahi duten hizkuntza erabiltzeko, bai esparru publikoan, bai esparru pribatuan. Herri erakunde guztioi dagokigu herritarren hizkuntza eskubideak benetan erabiliak izateko aukera ziurtatzea, askatasun eta naturaltasun osoz. Eta aukera horien artean dago, noski, euskaraz egitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo