GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Udaletako salbuespen egoera salatzeko mobilizazioa izango da gaur Irunen

Hautetsi independentistek manifestazioa antolatu dute gaurko Irunen, «salbuespen egoera bukatu eta herritarren hitza errespetatu» behar dela aldarrikatzeko. Erasoak eraso, herritarrek hauteskundeetan emandako mandatua betetzeko lanean segituko dutela erran dute.

Maider IANTZI |

«Salbuespen egoerari stop, herritarren hitza errespetatu» leloa izango du ezker abertzaleko hainbat hautetsik antolatutako manifestazioak, eta 19.00etan abiatuko da Irungo San Juan plazatik. Peio Gaskon Irungo Udaleko zinegotziak eta Aitor Bezares Arabako batzarkideak egin zuten deialdia atzo, Barakaldoko, Lasarteko eta Donostiako ordezkariekin batera.

«UPN, PSE-EE, PSN eta EAJ ezker abertzaleko zinegotzi nahiz batzarkideen aurka hartzen ari diren neurriak» salatzeko baliatu zuten prentsaurrekoa. Ezer baino lehen, erakundeetan lan egiteko zilegitasuna herritarrek eman zietela oroitarazi zuten.

Eta, hala ere, «kosta ahala kosta» instituzioetatik kaleratu nahi dituztela azaldu zuten. EAE-ANVren zerrenden erdiak legez kanpo utzi zituzten eta milaka herritar ordezkari politikorik gabe geratu dira hamarka udaletan, Nafarroako Parlamentuan eta Arabako Batzar Nagusietan. Gainera, Baltasar Garzónek, beste alderdi batzuekin egin bezala, EHAKren eta EAE-ANVren jarduera eteteko agindu zuen, eta Auzitegi Gorena bi alderdi horiek legez kanpo uzteko prozedura amaitzen ari da. Abuzturako iragarri dute epaia.

Zentsura mozioekin EAJk eta PSEk «alderdien lege propioa» osatu dutela gaineratu zuten, «ezker abertzalearen aurkako apartheid politikoa ezartzeko». Hautetsi independentisten arabera, bide horrek porrot egin du, «herritarrak haserre» daudelako eta «beraien alderdietako oinarriak eta zinegotzi asko» ere ez daudelako ados.

Orain, Garzónen autoa betearaziz, udal taldeen aurkako neurri gehiago hartzen hasi direla salatu zuten: Arabako Batzar Nagusietan, Barakaldon, Lasarte-Orian, Irunen, Trapagan, Sopelan, Laudion... Donostian, «osoko bilkura eta batzordeetan parte hartzea debekatu diote ezker abertzaleari». Zitazioak eta Ino Galparsororen espetxeratzea ere aipatu zituzten.

Azaldu zutenez, ezker abertzalea herriari hitza ematen ari da hondakinen errausketari eta AHTri buruz erabakitzeko; euskalduntzeko apustu irmoa egin du, berdintasun eta elkartasun politikak gauzatzen ari da... «Horregatik bota nahi gaituzte», ondorioztatu zuten. «Justu EAJk eta PSOEk Euskal Herria asimilatzeko operazioa abiatu nahi dutenean; ezker abertzaleak euskal herritarrei erabakitzeko ahalmena emateko proposamen politikoa garatzeko erabakitasun osoa duenean».

45 minutu

Hautetsi independentisten erranean, «UPN, PSE, EAJ eta NaBai eskutik helduta» doaz, eta «45 minutu aski dira EAJren hipokrisiaz jabetzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo