GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Libanoko Gobernuak presioari eutsi beharko dio

Azkenean, atzo Libanoko Gobernua osatu zen. Michel Sleimane lehendakariak egindako esfortzuak fruituak eman ditu, eta Libanoko Armadako jeneralak gobernuan indar guztien arteko oreka zaila bermatzea lortu du. Mendebaldearen babesa duen Fuad Siniorak gobernuburu izaten jarraituko du, baina Hezbolaren inguruan metatzen den oposizioak beto eskubidea izango du gobernuaren erabakietan.

Barne oreka zailei erantzuna eman ondoren, aurrerantzean Libanoko Gobernuaren benetako erronka kanpo presioei aurre egitea izango da. Gehienbat Mendebaldetik eta Israeldik etorriko diren presioei. Israeli irabazitako azken gerratik hona eta, batez ere, azken liskarren ondoren Hezbolak izandako susperraldi politiko, sozial eta militarra garrantzitsua izango da helburu hori erdietsi ahal izateko.

Bestalde, Libanon egonkortasuna bermatzeak eragin positiboa izan lezake inguruko herrialdeetan ere. Irango, Irakeko, Kurdistango eta Palestinako gatazkak, bakoitza bere ezaugarriekin, dira inguru horretako auzi nagusiak. Edonola ere, Libanon eta inguruetan arriskuak ez dira bertako sektoreen arteko barne liskarrek eragindakoak, kanpoan hartzen diren erabakien ondorio baizik. Hots, izatekotan, gerrak ez dira Beiruten, Teheranen edo Jerusalemen piztuko, Washingtonen eta Tel Aviven baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo