Lur azpiko soinu ezkutatu eta anitzak aztergai, Esteve konpositorearen eskutik
2005a ezkero, negu zein uda, Izturitze eta Otxozelaiko leizeetako estalaktita, estalagmita edo konpresioek azaltzen dituzten soinu anitzak ikertzen eta biltzen aritu da Pierre Esteve konpositore garaikidea. Harpe horien musika aipatzean, orkestra sinfonikoak adina hots aniztasun eskaintzen zituela azaldu zuen. Hainbat egitasmo jarri ditu abian.
Ainize BUTRON | BAIONA
Pierre Esteve konpositoreak, Izturitzeko leizeen doinuak ikertzeko bideratu duen lana azaltzean, Orkestra Sinfoniko batekin alderatu zituen hotsok.
«Doinu luzeetan zelesta instrumentua entzun daiteke, laburretan marinba edo xilofonoa, eta zenbait doinu txalapartaren antzekoak dira», azpimarratu zuen.
Pierre Esteven iritzira, harri edo zulo guztiek -kobazuloaren konpresio, estalaktita, estalagmita- soinu bat sor dezakete, eta guztiak banan-banan entzuten aritu da bera. Izturitzeko leizeetan alderdi hori ikertzeari ekin zion 2005ean, kobaren historiak zein harpeen egitura bereziak erakarri zutelako.
«Ibili nintzen leize bat bilatzen lan hau aurrera eramateko. Izturitzen horretarako aukera izan nuen, ez baitute kobazuloa soilik gune turistiko gisa hartzen, biziarazten saiatzen dira. Gainera kobazulo honek aberastasun anitz du», esan zuen.
Izturitzeko harpeak historiaurrean bizitzaz beteta omen zeuden. Bostehun lagun inguru bizi zen bertan, eta, ipar eta hegoaren arteko komunikazio bidean leizeak ziren elkargune nagusia. «Leizeetako arduradunen xedea harpeen oinarri historiko horiek bizirik atxikitzea da. Nire ustez oso ideia ederra da, eta nire lanarekin bat egiten du horrek», jarraitu zuen erraten.
Natura eta tresnak lagun
Pierre Esteve konpositorea da. Musika garaikidean murgildua, berezko konposizioak egiteaz gain, film, bideo eta beste hainbat euskarrientzako musikak egin izan ditu. Duela zenbait urte, «Made in» deituriko bilduma sortu zuen. Materia eta elementuetan oinarrituta, bilduma horren lehen bi tituluetan -«Bamboo» eta «Metal»- mundu osoko musika-tresnak elkartu ditu doinuen nahasketa handia eskainiz. Munduan harturiko musika-tresna horiek baliatu ditu, besteak beste, Izturitzeko leize barruko doinuak ikertzeko.
««Made in» bildumako hirugarren disko bat prestatzen ari naiz, «Stone» izenekoa, ale horretan materia eta litofonoekin egindako lana agertuko dut», argitu zuen. Leize barneko isiltasunean, naturak zabaltzen dituen soinuak eskuratzen aritu da Esteve 2005a ezkero.
Itsas maskor handiak, boza, flauta (banbu edo metalezkoa) edo okarina (lurrezko flauta), besteak beste, baliatu ditu musikariak, eta harpean eragiten duten arrabotsekin konposizioak eratu. «Harpearen soinu hutsen grabaketa izan da nire lanaren zatirik handiena. Garai ezberdinetan egin ditut grabazio horiek, negu edo uda izan, harriek ez baitituzte soinu berdinak azaltzen. Horiei musika-tresna bereziek kobazuloaren gune ezberdinetan jarriz sortzen dituzten soinu bereziak gehitu dizkiet», azaldu zuen artistak.
Santutegi horren iluntasunean barneratuz, kanpoko naturaren eraginez lur azpiko munduan hedatzen diren soinu ezkutatuetan bila abiatu zen Pierre Esteve. Leize horietan bi zati zeudela argitu zuen: urte luzaz gizakien presentzia izan duen gaineko partea, eta, azpialdeko mundu minerala.
«Gaur egun hala ez bada ere, lehenago, Izturitzeko koba irekia zen alde batetik eta bestetik. Haizea, euria eta txorien kantuak entzuten ziren. Horiek guztiak harpe horien historian sartzeko aukera ematen dute. Soinuek harpe horien handitasunaz hobeto jabetzeko aukera ematen dute», gehitu zuen.
Etengabeko mugimenduan
2005a ezkero, hainbat egonaldi egin ditu bertan, eta, konpositorearen esanetan, hamabostaldi bakoitzean soinu berriak grabatzea lortu du.
«Soinu aniztasun paregabea dago harpe hauetan. Halako batzuk ez dituzu beste inon aurkituko. Soinu anitzetako estalaktitak daude. Tenperatura aldaketak eragina dauka harpean. Estalaktita bizirik edo hilik izan, soinuak ezberdinak izango dira», berretsi zuen, eta leize horri antzeman dizkion soinuen kalitatea izugarri aberatsa zela esan zuen, goraipatuz.
Denboran zehar leizeak izan duen bilakaera hartzen saiatu da konpositorea, musika lan batean itxuratzeko. Askoren irudimenean isil eta estatikoa den gune ilun horren bizitasun «izugarria» bereganatzen aritu da, bisitariei honako ulertarazi nahian: «Leizea beti mugimenduan den gune bat da».
Ondorioz, uztailaren hasieran astebetez, «Erresonantzia» izeneko musika-instalazio proiektua bideratu du. Soinu berezien bidez bisitariei leizeak beste era batean ikusaraztea izan da egitasmo horren helburua. Nolanahi ere, Pierre Esteven lana ez da horretara mugatu.
«Hasieran oso lan pertsonala zen. Denbora aurrera joan, eta, epe luzeko proiektuak abian jarri ditugu harpeetako arduradunekin eta lekuko beste hainbat artistekin», erran zuen, Mixel Etxekoparekin izandako elkartzearen berri emanez.
Geroko egitasmoak
Izturitzeko harpeetako kultur zentroarekin bideratutako astebeteko bisita soinudun horrekin, artistaren helburua, besteak beste, bisitarien jarrera aztertzea zen. «Nire irudiko, harpe batean sartzen den pertsona orok zirrara berezia dauka. Santutegi batean sartzea bezala da, eta, nolabait oinarrietara itzultzeko xede bat ikus daiteke horretan. Musika eta doinuen bidez informazio asko helaraz daiteke, eta, nolabait historiaurre horretan murgiltzeko bide bat da», nabarmendu zuen.
Etorkizuneko egitasmoak ez zituen zehazki azaldu nahi izan konpositoreak, baina, jada, 2009. eta 2010. urteetarako proiektuak abian zituela aitortu zuen. «Ez da soilik instalazioa izango, baina, bai, musikariekin landuriko sorkuntza. Hainbat musikarik instalazio sentsoriala egingo dugu», zehaztu zuen, Mixel Etxekoparek proiektu horrekin bat egingo zuela argituz.
Esteven esanetan, soinu ugaritasun handia dago Izturitzeko leizeetan. «Soinu anitzetako estalaktitak daude. Eta, bizirik edo hilik izan, estalaktita horiek doinu ezberdinak azalduko dituzte», azpimarratu zuen.
Herria olerkiz jantziko da egitarau aberats baten bitartez. Izango dira olerkari eta errezitaldiak, eta horiekin batera musika, txango, bazkari eta mahai-inguruak ere bai, giro lasai eta bikainean lagunarteaz gozatzeko.
Uztailaren hasieran leizeko arduradunekin «Erresonantzia» deituriko proiektua egiten aritu da. Astebetez, musika instalazioa jarri, eta bisita bereziak eskaini ditu. Bihar izango da azken eguna.
2009rako Pierre Esteve konpositorea sorkuntza lan berezia prestatzen ari da tokiko hainbat musikarirekin. Horien artean, bereziki nabarmendu zuen Mixel Etxekoparekin hasitako lana.