Eako Poesia Eguna, egitarauan denaz gain, beste altxor ugari gordetzen duen asteburu gozoa
A. BILBAO | BILBO
Bizkaiko kostaldeak txoko zoragarri ugari du, eta horietako bat dugu Ea herrixka. Han badute udatiar berezi bat, «olerki» deiturikoa, bertara joaten bost urte daramatzana. Haren berri eman ziguten, umoretsu, atzoko prentsaurrekoan, Xabier Mendiguren Elizegik eta Asun Landak, datorren asteburuan, uztailaren 19an eta 20an, izango diren «Poesia Egunen» antolatzaileek.
Uztailaren 19an, zapatuan, Koldo Izagirrek «Emakumeak trena hartu zuenekoa» izenburu misteriotsua daraman hitzaldia emango du 10.30ean. Gero, bazkaldu aurretik, gosetuz joateko, ibai ondotik ibilalditxo bat egingo dute parte-hartzaileek.
Burdinola eta paper fabrika zaharraren hondarrak bisitatu, eta Gabriel Arestiren olerkiak irakurriko dituzte bertan. Bazkalostean «Poesia extra zer den» aztertzen saiatuko dira. Parte-hartzaileen artean, Itxaro Borda, José Luis Otamendi, Beñat Sarasola eta Castillo Suárez eta, gidari, Miren Ibarluzea.
Iluntzean, 20.30ean eta Beletxen, Arestiren oroitarrian, Asier Serranok musika eta poesia uztartuko ditu «Erretratuak» izeneko ikuskizunean. Ondoren, 22.00etan, Salvador Puig Antichen oroimenez «Harresi ostean pareta» izeneko filma emango dute eta eguna «Poesiazko ilara» (makina bat olerkariren irakurraldiak) eta Zinar Ala musikari kurduaren jardunarekin itxiko da.
Igandean «Idazlearen ahotsa, norentzat, zertarako?» galderarekin hasiko da saioa, 10.30ean. Itaunean, Xabier Mendiguren izango da, eta erantzunetan, aldiz, Iñigo Aranbarri, Irati Jiménez eta Eider Rodríguez idazle gazteak.
13.00etan eta Talan, Itxaro Borda idazlearen «Ogella Line» izenburuko irakurraldia izango da, Esther Gabiola eta Uritze Laka musikariak lagun. Gero, amaiera zoragarria, «Katamalo» ikuskizuna ere antolatu baitute, 17.00etarako, Ermintxo hotelean.
Egitarautik at
Egitarau oparo eta arras interesgarri horretaz gain, bada zer gozatu Ean.
Izan ere, antolatutako ekitaldietatik kanpo aurkitzen ditu unerik gozoenak batek baino gehiagok, atzoko prentsaurrekoa bukatu ostean bertaratu ginenoi aitortu zigutenez.
Poesia aitzakia eta pizgarri, solasaldi eta hartu-emanetan eratuko dira, baita parrandan ere, unerik gogoangarrienak.
Ekitaldia: «Poesia egunak».
Lekua: Ea (Bizkaia).
Uztailak 19:
10.30ean Koldo Izagirreren hitzaldia: «Emakumeak trena hartu zuenekoa».
16.30ean «Poesia extra zer den» tertulia, hainbat olerkarirekin.
20.30ean «Erretratuak».
Asier Serranoren musika eta poemak.
22.00etan «Harresi artean pareta» filma eta «Poesia ilara» irakurtaldiak.
Uztailak 20:
10.30ean mahai-ingurua: «Idazlearen ahotsa, norentzat, zertarako?».
13.00etan «Ogella line» poesia irakurtaldia eta musika.
17.00etan «Katamalo».